KRONIKA | NAFARROA OINEZ 2011
«Hamaika 11n» formulak euskaraz jantzi du Tafallako zerumuga
Ekarpenak, txikiak badira ere, elkarren ondoan jarrita, mordoa egitea lortzen dute eta aldarrikapenek indarra hartzen dute orduan. Hala egin zuten atzo milaka euskal- tzalek Tafallan, Nafarroa Oinezen. Inurrien moduan, talde erraldoia osatuz, «Hamaika 11n» leloaren irudi bizia bilakatu ziren.
Oihane Larretxea
«Laguntza guztia gutxi da. Gu hemen gaude batak besteari laguntzeko. Hemendik hara joatea nahi dugun moduan, handik hona ere etorri behar gara. Euskaraz ikasteko eskubideaz ari gara, eta ez badugu guk aldarrikatzen, gutxi daukagu egiteko», zioen Mikel Gartziak, Donostiako bizilagunak.
Gipuzkoan urtero ospatzen den Kilometroak jaiak bultzada behar duen moduan, Nafarroa Oinez ezin dugula ahaztu azpimarratu zuen, hizkuntza legea dela-eta euskarak pairatzen duen egoera are larriagoa baita. Guneetako batean zintzilikatutako pankarta batek ere hori salatu zuen: «Ley del Vascuence, zoaz pikutara! Hizkuntza politika burujabea» aldarrikatuz.
Donostiar honen moduan, beste milaka eta milaka lagunek gauza berbera pentsatu eta egin zuten atzo; alegia, Tafallara gerturatu bertako Garces de los Fayos ikastola laguntzeko; izan ere, eraikin berria eraikitzeko baliabide ekonomikoak behar dituzte. Atzokoarekin hiru aldiz bete du Tafallak anfitrioiaren papera, eta edizioz edizio babesa handituz joan da. Iritzi hori zuen Arturo Goldarazenak, Tafallako Bilduko bozeramaileak. Irekiera ekitaldian parte hartu zuen Goldarazenak, baina ez da aurtengo ediziorako egin duen ekarpen bakarra; izan ere, abestian ere lagundu du –musika du zaletasunetako bat–.
Zinta moztu bezain pronto ibilbidea osatzen zuten guneak jendez bete ziren, eta ohiko legez, gustuaren arabera batera edo bestera jo zuten bertaratutakoek.
Bigarren gunean mugimendu handia zegoen, batetik, sagardotegia bertan kokatu zutelako, eta trago fresko bati ezezkoa ematea zaila zelako. Are gehiago atzoko eguzkiarekin. Goizean goiz zerua itxita agertu bazen ere, eguerdi aldera eskuzabal egon zen: hodei grisak desagertu eta zirrikitu urdinetatik eguzkia atera zen, borobil eta distiratsu. Gainera, gune berean umeentzat ikuskizunak eta puzgarriak zeuden; beraz, txikienek bazuten aitzakia bertatik ez mugitzeko. «Garai batean ibilbide osoa egiten genuen, baina gaur egun txikiekin ezin gara hainbeste mugitu. Euren txokoa aurkitzen badute, akabo! Ea geroago bueltatxo bat emateko aukera ematen digun», zioen Elenak, bere alaba Enararekin ilaran pazientzia handiz itxaroten zuen bitartean.
Familiak barra-barra zeuden arren, gazteak ere asko. Eskuetan zituzten bost litroko plastikozko botilak ikusita, ez zuten, itxuraz behintzat, Elenak minutu batzuk lehenago malenkoniaz aipatzen zuen ibilbidea egiteko asmorik agertu. Edariaren kolorea batzuetan laranja, besteetan gorria, eta noizean behin gardena, baina ez zirudien ura zenik. Kontzertuak zeuden guneetara zihoazen, elkarri iseka eginez eta algaraka.
Mari Carmen Iruñekoa da, eta euskaraz «ozta-ozta» moldatzen dela aitortu zuen. Hala ere, gogotsu agertu zen, eta lortu zuen hitzak bata bestearen atzetik lotzea. Bertaratutakoen artean ere jarrera eskuzabalak ikusi ziren. Besteak beste, Oinez Basoa ekimen berritzailearen bidez.
Helburua Nafarroa Oinezen sortzen diren CO2 isuriak konpentsatzea da, eta horretarako 6.700 artez eta erkametzez osatutako baso bat landatu nahi dute. Horretarako, lagundu nahi duen pertsona orok hogei euroren truke zuhaitz bat babestuko du. Dagoeneko badago 8,21 hektareako lur eremu bat gordeta, Udalak emana. «Oraingoz ia bi mila zuhaitz babestea lortu dugu, eta epea abenduaren 31n amaitzen denez, markatuta dugun zifra eskuratzea espero dugu», azaldu zuen Marian P. de Iriartek. Horrenbestez, nahi duen orok www.oinezbasoa.com gunearen bidez egin dezake bere ekarpena.
Honakoa hirugarren urtea da Nafarroa Oinezen barruko ekimen hau martxan dagoena, eta helburua betetzen bada, osatutako bigarren basoa izango da; izan ere, Arbizu eta Paz de Ziganda ikastolek baso bat landatu zuten bien artean.
«Pozik eta asebeteta»
Aurtengo edizioari agur esateko ordu gutxi falta zirela, antolatzaileak «pozik eta asebeteta» agertu ziren, «guk espero genuena bete delako; are gehiago, espero genuena baino gehiago ere bete delako», adierazi zuten egindako lehenengo balorazio orokorrean.
Elkarlana eta parte-hartzea eskertuz, «hamaika lagun hurbildu» direla nabarmendu zuten, «Merindadeko txoko guztietatik, Nafarroatik eta, oro har, Euskal Herri osotik etorritakoak», zehazki, «Garces de los Fayos ikastola hartzen duen hiri honetara gure proiektuari babesa emateko eta ikastolaren handitze proiektuan parte hartzeko. Horiek guztiek, aldi berean, lurralde honen etorkizuna euskaraz ere badela baieztatu dute».
Antolatzaileen arabera, ezusteko nabarmenena izan da, hain zuzen ere, ezustekorik ez dela izan. «Hamaika urrats, hamaika irri gure Oinez jaira etorri zareten guztion aurpegietan, baita hartu zaituztegunon aurpegietan ere», zioten. Honakoa amaiera ez, baizik eta hasiera dela aldarrikatuz, euskaraz aurreikusten duten etorkizunaren hasiera ere badela erantsi zuten, begirada Zizur Txikiko San Fermin ikastolan jarri zutela, beraien esku baitago 2012an euskararen aldeko 32. edizioa antolatzeko ardura.
«Elkarlanak eta herri mugimenduak mantentzen du hau guztia bizirik»
Urteak dira Tafallako AEK euskararen alde lanean ari dena. Ekimenak, elkarlana… hamaika proiektutan parte hartu ostean, aurtengo Nafarroa Oinezek omenaldia egin dio, orain arte burututako lan oparoa aintzatetsiz. Ana Garcia da bost irakasleetako bat, eta talde guztiaren poza islatzen du berak.
Zer-nolako sentimenduak sortu dizkizue omenaldiak ?
Azken egunotan maiz hitz egin dugu honetaz, eta batez ere, gure lana baloratzen dela sentitu dugu, ondo egiten dugun seinale izango balitz bezala. Errekonozimendua kolektiboa da, izan ere Tafallaldeko AEKtik irakasle mordoa igaro da. Hobe esanda, hamaika izan dira, hain zuzen, “Hamaika 11n”.
Zein da euskararen diagnosia ?
Uste dugu poliki-poliki bada ere, oztopo guztien gainetik bagoazela. Gainera, erakundeetatik eta Nafarroako Gobernutik laguntzarik ez dator, eta beraz, garaiak ez dira batere errazak. Are gehiago, gure taldeak defizitarioak dira. Testuinguru osoa kontuan hartuta, neurri handi batean, herri ekimenak eta herriak mantentzen du hau bizirik.
Borondatea da motorretako bat?
Bai, bai. Tafallan eta inguruetako herrietan ere hala da, laguntzaile ugari ditugu. Tabernek, jatetxeek laguntzen dute, Korrika antolatzen den bakoitzean kilometroak erosten dituzte… haiei guztiei eskerrak ematea ezinbestekoa dugu, are gehiago une hauetan.
Zoritxarrez, Nafarroa Oinezen moduko ekitaldiak beharrezkoak dira oraindik.
Euskarak dituen zailtasunak salatzen ditugu, horien artean, bereziki, Nafarroan gure hizkuntzari dagokionez dagoen zatiketa hori. Guk ofizialtasuna aldarrikatzen dugu Nafarroa osoan, salbuespenik gabe. Zonaldeak desagertu egin behar dira.
Hori lortu artean lanean jarraitu beharko duzue…
Bai, orain arte egin dugun bezala, elkarlanean. Bai ikastolarekin, bai gurasoekin, bai langileekin… finean euskarari bultzada ematen dion pertsona ororekin. Guztiok helburu berbera dugu.
Herri Kirolen Federazioarekin batera omendu zaituztete. Ospatzeko aukera hartu zenuten?
Ikastolako ekitaldian hartu genuen parte lehendabizi. Une hura geuretzat hunkigarria izan zen, baina omenaldi txikiaren ostean, boluntario moduan lan egiteko ordua heldu zitzaigun! O.L.