GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Jardunaldia

Merino eta Bea jokalari garrantzitsuak bihurtu dira Austrian

J.L.

Merino eta Bea, bizkaitarra eta arabarra, biak Austriako Bundesligan ari dira, Wacker Innsbruck taldean, eta hango jokalaririk garrantzitsuenak bihurtu dira. Hamaikakoan ezinbestekoak dira, eta Merino, gainera, golak egin eta egin ari da.

Pasa den igandean Salzburgoko taldearen zelaian jokatu zuten, eta 1-1 berdindu zuten. Merinok egin zuen gola, eta partidako jokalaririk onenetakotzat hartu zuten.

Beraiekin batera, Jose Javier Barkero izan da pasa den asteburuko futbolaririk azpimarragarrienetakoa. Aretxabaletakoa denboraldi bikaina egiten ari da, eta pasa den igandean ere gola egin zuen bere taldearentzat, Levanterentzat, Malagaren aurkako partidan, 3-0 irabaziz. Hori gutxi ez-eta, norgehiagoka horretan egon ziren komunikabideen arabera, gipuzkoarra izan zen onena.

Sarriegi

Pasa den asteburua ongi joan zitzaion beste jokalari horietako bat Sarriegi izan zen. Gipuzkoarra ez da asko jokatzen ari Grezian, Panatinaikos taldean, baina pasa den igandean hasieratik aritu zen, eta oso neurketa ona egin omen zuen. Bere taldeak, gainera, 2-3 irabazi zuen Xhanti taldearen zelaian. Orain lazkaotarrak jarraipena beharko du taldean.

Bigarren Mailan, Mikel Saizar eta Txomin Nagore izan dira asteburuko izen nagusiak. Lehenengoak sekulako partida egin zuen. Penalti bat geratu zuen, eta 1-2 irabazi zuen Guadalajarak Barcelona B taldearen zelaian.

Bigarrenak, berriz, bere taldearen gol bakarra egin zuen. Irurtzungo erdilari beteranoak penaltiz egin zuen gola, eta amaieran hiru puntu balio izan zituen, 1-0 hartu baitzuen mendean bere Numanciak Almeria.

Golak egiten hasi den beste bat Diaz de Cerio da. Numancia taldean ari da bera ere, eta pasa den asteazkeneko Kopako partidan gola egin zuen, baina gero Ligan minutu bat besterik ez zuen jokatu Almeriaren aurka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo