Egoerarik okerrenetan onena ateratzeaz idatzi du Juan Kruz Igerabidek «Txori Txoroa» ipuina
Alberdaniak azkenaldian pixka bat atzendua izan duen haur eta gazte literatura berpiztu nahi izan du, Maite Gurrutxagak ilustratutako Karlos Linazasororen eta Juan Kruz Igerabideren bi liburu berrirekin.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Eskerrak emanez ekin zion Juan Kruz Igerabidek aurkezpenari, berarentzat «festa handi bat» izan baita berriro haur eta gazte literatura idaztea eta, gainera, hagitz gustura gelditu baita Maite Gurrutxagak egindako marrazkiekin. «Bete-betean asmatu du eta ipuinari bizitasun handia erantsi dio», nabarmendu zuen adunarrak.
«Txori txoroa» izena du lanak eta egoerarik okerrenetan gure barreneko gauzarik onena ateratzeko ahalmena dugula azaltzen du. Protagonista okil bat da, moko okerrarekin jaio den okil bat. Familiak zuzen-zuzen egiten du lan; aita bateria-jotzailea du eta anai-arrebak, arotzak. Moko desberdin horrekin eta pixka bat gaixobera ere badenez, berak ezin du, ordea, eta egiten dituen ateak ez dira ongi ixten eta mahaiek ez dute balio. «Txori txoroa» erraten diote eta baztertu egiten dute bere basoan. Azkenean, ostera, bere desberdintasunari etekina ateratzen ikasi eta eskultore aparta izatea lortuko du bertze baso batean.
«Bere ezintasunetik abiatuta, iniziazio-bidaia bat egingo du eta gizakien basora iritsiko da, hirira, harrizko zuhaitzen artera. Hor, bere ikuspegitik azalduko dizkigu gizakion harremanak. Intriga bat dauka istorioak: ze amaiera izango du? Nola irtengo da egoera zailetatik? Urretxindorra izango da bere laguntzailea eta solfeoa irakatsiko dio, baita gizakion basoan mugitzen ere», kontatu zuen egileak.
Poesia, aforismoak eta jolasak
Karlos Linazasororen lana, «Bat-batean, krispetak» ezberdina da, haurrentzat proposamen gutxi dagoelako. «Helduentzat egiten ditudan poesia, ipuin eta aforismoak neurri txikiago batera ekartzen saiatu naiz», agertu zuen Tolosako sortzaileak. Olerki laburrak, aforismo eitea duten esaldiak, koplak, hitz-jokoak zein metaforak idatzi ditu, umorea eta poesia lotuz.
«Baliabide nagusia paradoxa izango litzateke, gauzei begiratu eta ikusi edo pentsatzen dugunari buelta bat ematea eta irakurleari jolas bat eskaintzea, hitz-joko bat, harridura, zer pentsatua. Bukaeran ipuin bat dago, baina ez dut ezer esango esplikatzen badut izorratu egingo dudalako», erran zuen irriz.
Halere, mezu bat edo erakutsi bat baduela jakinarazi zuen, eta idatzi eta gero konturatu zenez, euskal ipuin klasikoen oihartzun bat ere bai, liburu osoak bezala. Azaldu zuenez, hagitz modernoa da liburua, baina sumatzen da tradizioaren azpiko oihartzun bat.
«Kamamila-loreak sekula ez du tripako minik izan» dio, adibidez, esaldi batek. «Saguzarra buruz behera zintzilikatzen da mundua den bezalakoa ikusi nahi duenean», bertze batek. Naturarekin lotutakoak ez ezik, ahoko soinuen ingurukoak, filosofikoak edo musuei buruzkoak ere badira, sailka banatuta.
Alberdaniako Inazio Mujikak laburbildu zuenez, Linazasororen begirada dago liburuaren funtsean, eta «berez, begirada hori bera da haur zein helduentzat idazten duenean. Bere obraren erakusgai oso ederra da».
Irakurlearentzat bezala, Maite Gurrutxaga irudigilearentzat ere joko bat izan da obra hau. «Ez Karlosek ez Juan Kruzek, ezta editoreak ere, ez didate inongo mugarik jarri eta testuak iradokitzen zidan lekura joaten saiatu naiz. Oso librea izan da lana bai irudikatzerakoan bai irudiak orrian kokatzerakoan», azaldu zuen.
Liburuak: Karlos Linazasororen «Bat-batean, krispetak» eta Juan Kruz Igerabideren «Txori txoroa».
Argitaletxea: Alberdania, Osinberde saila.
Norentzat: Haurrentzat, baina helduentzat ere bai. 8-10 urtetik gorakoentzat bereziki.