Ipuinak idazten ikasteko tresna, idazle batek egina eta ikasleekin frogatua
M. I. | DONOSTIA
Mikel Hernandez Abaituak (Gasteiz, 1959) idazten, esperimentatzen eta jolasten ikasteko liburu bat kaleratu du. Ereinek argitaratu du, poltsikoko edizioan, autodidakta gisa saiatu nahi duen edonoren esku jarri nahian. «Ipuinak eta nobelak idazteko balio du, literatura hobeto ulertzeko, eta zinematik eta komikietatik ere abiatu naiz», argitu zuen «Narrazio tailerra»ren egileak atzoko prentsaurrekoan.
Euskal Herrian gero eta gehiago dira narrazio tailerrak euskaraz, eta bitarteko hau aprobetxagarria izan daitekeela iruditzen zaio, ez baitago halako bertze materialik. Abaituak berak frogatua du ikasleekin funtzionatzen duela.
Kontatu zuenez, Internet bidez irakaslerik gabeko klase batzuk prestatzeko eskaintza egin zioten eta berak nahi bezala antolatu zuen narrazio tailerra, idazlearen ikuspegitik. «Nik nola ikasi nuen idazten?», galdetu zion bere buruari, eta ezagutzen zituen teorietatik eta bere esperientzietatik abiatuta azalpenak eta ariketak prestatzeari ekin zion.
Ikasleak ez zeuden ikastetxean, Zumaian, Zarautzen, Errenterian, Grosen baizik, eta normalean ez zuen aurrez aurreko kontaktu handirik haiekin. Internet bidezko harremana zuten, foro batean eta mezu elektronikoen bidez komunikatzen ziren. «Unitateak eta ariketak jaisten zituzten eta egin ondoren bidali egiten zizkidaten. Nik zuzenduta itzultzen nizkien nota jarrita, eta azterketa tradizional bat ere egiten nien. Esperientzia bitxia izan zen, oso polita, eta idazle oso on asko ezagutu nituen».
Nobelak sortzeko gai ere
«Harrigarria da asko zein idazle onak ziren! Batzuk beldurrez zeuden, pentsatzen zuten ez zirela orrialde huts bat ere betetzeko gai, baina kurtso bukaeran 70 ere idatzi zituzten, nobela labur bat», agertu zuen Abaituak harro. Irakaslerik gabe ere, jendea liburua irakurrita moldatu daitekeela uste du. «Inor ez da narrazio idazle bihurtuko hau irakurtzeagatik soilik, baina agian batzuk animatuko dira gehiago idaztera eta jolastera».
Ulergarriak izateko testuek boteretsuak izan behar zutela erabaki zuen. Eta idazten ari zela etengabe zuen buruan hagitz garbi erran behar zituela gauzak. 16-18 urteko ikasleentzat prestatu zuen materiala eta hasieratik pentsatu zuen teoria ere eman behar zuela, jendeak nola ulertzen zuen ikusteko.
Editoreak liburua idazle batek egina izatearen garrantzia azpimarratu zuen, baita aditu baten lana izan arren, duen estilo zuzen, natural eta erraza ere, irakurle guztientzako modukoa.