Laura MINTEGI Idazlea
Bakea azaltzen
Etxeko gazteenak zalantzak ditu. «Orduan amore eman dute eta kitto, ezeren truke?». Ez du ulertzen ezker abertzalearen poza, abaroa galduko badu. Gainontzeko alderdiei entzuten die eta diotena soilik aditzen du (ETA bentziturik dago, akabaturik), konturatu gabe mezua ez dela zer esaten duten, baizik eta non esaten duten, Aieteko Jauregiko zelaian alegia.
Azaldu behar zaio hitzak baino adierazgarriagoak direla batzuek egin duten mugimendua (hiru egun lehenago PSE ez zen joatekoa). Eta, batez ere, ikusarazi behar zaio angustiak ez duela inoiz gezurrik esaten, eta begiratzeko nor dagoen angustiak jota, badakielako mugitu beharra daukala, orain arteko erosotasuna galduta.
Lekuz kanpo gelditu den PPri entzun beharko genioke, angustiatik mintzo delako: PPk dio testuak ETAren tesia berresten duela. Eta arrazoi. Lopezek eta Espainiako egunkariek lehen puntua bakarrik entzun nahi izan badute ere, lehen puntua da arazo gutxien ematen duena, dagoeneko eginda dagoelako. Armak uztearen erabakia hartuta dago aspaldidanik; de facto ez dira erabili azken bi urteetan.
Hurrengo hiru puntuak ziren lotu beharrekoak, eta horretarako egin da Konferentzia, argi esan dezagun. Zuzen dago PP dioenean ETAren teoria gailendu dela, noski. Baina ez da nazioarteko bitartekariak ETAko kideak edo ETA zaleak direlako, baizik eta edozein gatazkatatik ateratzeko irtenbide bakarra adostasuna bilatzea delako, eta herri honek (ETA barne) aspaldidanik ikusi zuen elkarrizketa dela modu bakarra bakea lortzeko. Hitz egin eta hitz egin egunsentira arte, baina horretarako solaskideak behar dira mahaiaren bueltan.