GARA > Idatzia > Mundua

Txinak «terroristatzat» jo ditu Dalai Lama eta beren buruari su emandako tibetarrak

Beren buruari sua eman dioten bederatzi monje tibetarren ekimena «terrorismotzat» jo du Txinako Gobernuak. Halaber, Dalai Lamari berari «terrorista» izatea egotzi dio, protesta horiek goraipatzeagatik.

p020-f02-148x80.jpg

GARA | BEIJING

Txinak «terrorista» izatea eta «bortizkeria goraipatzea» egotzi zion atzo Tibeteko Dalai Lamari, joan den martxotik hona bederatzi monjek egindako immolazioa goraipatu zuelako. Monje horietako bost hil egin dira, eta Txinako Gobernuak Tibeten eragiten duen errepresioa salatzea izan da euren asmoa.

«Immolazio hauek giza-moralaren eta kontzientziaren aurkakoak dira, eta gaitzestekoak dira. Erbestean dauden indar independentistek eta Dalai Lamaren taldeak ez dituzte gertaera horiek kritikatu, goraipatu baizik, eta jende gehiagok eredu horri jarraitzea bultzatzen dute», adierazi zuen Jian Yu Kanpo Arazoetarako Ministerioko eledunak. Funtzionario horren iritziz, «mozorrotutako bortizkeria eta terrorismoa dira bizitzen galera dakarten ekimen sezesionista horiek». Halaber, Txinako erlijio politikei buruz objektiboak izateko eskatu zien beste herriei, modu horretan Ameriketako Estatu Batuek adierazitako kezkari erantzunez.

Dalai Lamaren itzulera ere eskatu zuten monjeek. Dalai Lamak immolatutako monjeen ohoretan izandako otoitz eta omenaldietan parte hartu zuen. Harago joz, erbestean dagoen Tibeteko Gobernuko lehen ministroak, Lobsang Sangayk, Txinako Gobernuari egotzi zion tibetarrei, etsipenak jota, euren buruari sua ematera bultzatzea.

«Pekinek, bere propagandaren bitartez, bestelako irudi bat erakutsi nahi du, baina errealitatean, jarrera kolonialista du Txinak, eta Tibeteko kultura, erlijio, hizkuntza eta ingurumena sistematikoki suntsitzen ditu», adierazi zuen Sangayk.

Penpa Tsering Tibeteko Parlamentuko presidentearen ustez, immolazio gehiago izango dira, «nazioarteak ez badu esku hartzen, edo etsipeneko ekintza hauek bultzatu dituzten arrazoiak aldatzen ez baditu Txinako Gobernuak berak».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo