GARA > Idatzia > Kultura

Salda

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Zerbait itzaltzen zaigu barruan musika ona jartzen duten taberna bat itxi edota jabez aldatzen dutenean. Zapore guztietako hondakinak dastatzera behartuta, musikazaleon bake erresuma txikiak izan ohi dira gero eta eskasagoak diren taberna horiek. Kaskarkeriak inguratutako oasiak dira belarri eta burmuin sentikorrentzat. Soinu banda ederreko plazer une bakanak konpartitzeko lekuak. Taberna horiek, alkohol eta bestelako drogen «expenduria» soilak baino gehiago dira eta behintzat beste modu bateko soseguak ere eskaintzen dizkiete gure espiritu nekatuei.

Horregatik min sotil baina jarrai batek hartzen gaitu tabernari musikazale batek lana uzten duenean. Behin betiko galdutako lur puska baita, gehienetan. Horregatik eta bere umore, beltz antzekoa, dastatzeko aukera gutxiago edukiko dugulako kopeta ilundu zitzaidan Saldak taberna utziko zuena jakin nuenean. Facebooken bidez, noski, gaur egun gauza garrantzitsu guztiak bezala.

Rasta ez izan arren, ederki betetzen du reggaezale guztiek duten musika «jainkotiar» hori zabaltzeko misioa. Proselitismo kasik mistikoa da haiena. Saldak, ordea, betebehar hori munduan diren bestelako musikak, batez ere beltzak, estimatuz burutu du. Roots eta funk, dub eta afro, gozamena da bere «mix» lanak dastatzea, bai tabernan, baita erabili dituen formatu guztietan; kasete, minidisk, CD... Gustua, dotorezia eta jakin nahia, nahasketa hoberik ba al da tabernari bilakatutako musikazale batentzat?

Gerta liteke tabernaz nazkatua egotea, ez litzateke harritzekoa, jar zaitez zeu barra baten atzean jendea jasaten; bejondeiola; ulertzen dugu. Baina, soilik, izen handiko sendagileak sinatutako txosten bat erakutsiz barkatuko diogu gu pixka bat umezurtzago utzi izana. Hamabost eguneko epea du horretarako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo