Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com
Konpromiso sasoia da
Gatazkaren konponbidea ez da beste batzuentzat, gatazkaren konponbidea guretzat da, Euskal Herriarentzat da. Gatazkaren konponbidea ez dago batzuen esku, denon esku bainoGauza ezaguna da. Jende askok bigarren kate espainoleko animalien dokumentalak ikusten dituela esan, baina badakigu gehienetan egia oso berdaderua ez dela izaten. Hala ere, interesgarria da ikustea zelan jokatzen duten beste espezieek, batez ere gure espeziea hain ezberdina ez dela egiaztatzeko.
Ikusgarria zelan mugitzen, bihurtzen, altxatzen eta aurka egiten duten, atzapar eta hagin, beldurrak jotzen dituenean. Halaxe ikusi ahal izan ditugu hainbat pertsonaia aste honetan bertan, estu, ikara eta dardara, eurak ere atzapar eta hagin, edozelan defendatzen ahalegintzen.
PPko alderik setatsuenak, beste sasoi batzuetako nostalgikoenak, irain baldarrenetan topatu du kontsolamendua; beste batzuek pozoitutako sagarren abisuak luzatu dituzte -Mayor Oreja, kasu- eta jarrera ofizialak hauteskunde espainolak gero eta hurbilago ikusten ditu: baldintzatzaileak izatetik baldintzatuak izatera, hau da, Euskal Herria-Estatua gatazka eurei kudeatzea tokatuko zaiela eta, euren barrukietatik samara salto egiten dietenak erabili eta zenbait kasutan neutralizatu beharra.
Hainbat urtetan errepikatu dute Euskal Herriarentzat oztopo bakarra ETA zela, ezen orain, diskurtsoak berregituratzen ari diren honetan, gero eta argiago azaleratzen baita ezkutatzen zen gezurra. Helburu politikoetarako oztopo bakarra estatuentzat helburu politikoa bera da. Eta, ez gaitezen engainatu, izaten jarraituko du. Gatazka politikoa gatazka armatura mugatzea daukate helburu eta gatazka armatuaren gainditzeaz batera, Euskal Herria nazio moduan ere gainditzea. Garaile eta gaindituen eztabaida horretan datza, indarge uzteko estrategia hutsa hurrengo egun horri begira.
Baina gaurdanik landu behar da hurrengo egunaren hurrengo eguna, eta independentziaren eta sozialismoaren helburu politikoak borrokatzen emandako urte hauek guztiak trantsizio momentu batetik benetako trantsizio politiko batera eramatea daukagu erronka nagusia.
Jadanik hasitako bideari tarte luzea geratzen zaio, aldapatsu eta bihurgunetsua. Eta modu bakarra dago aldats eta bihurgune horiek guztiak pausoz pauso ibiltzen joateko: konpromisoa. Konpromisoak denon partetik, prozesuaren garapena hartzen diren konpromisoen araberakoa izango baita. Jadanik konpromisoak hartu dituzten eragileek berriak hartu eta oraindik pauso hori eman ez dutenek serio ekin beharko diote. Ezin da errepidearen albo batean gelditu autoak zelan pasatzen diren ikusten. Ezin beste batzuen esku utzi, emaitzaren zain, emaitza hori gustuko izanez gero gurdira igotzeko, eta kontrakoa balitz, «txarto» egindakoa aurpegiratzeko.
Erantzukizunez jokatu beharra daukagu, denok. Euskal Herria euskal herritarrok nahi duguna izatea gura badugu, zentzu horretan bultzatu beharra daukagu. Gatazkaren konponbidea ez da beste batzuentzat, gatazkaren konponbidea guretzat da, Euskal Herriarentzat da. Gatazkaren konponbidea ez dago batzuen esku, denon esku baino. Atzodanik hasi ez denak gaurdanik ekin diezaiola, zerura barik, aurrera begira, aurrerantz sakatzeko, aurrerantz mugiarazteko. Zapatuan daukagu zita. Zapatuan eta egunero.