GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Josu Jimenez Maia Idazlea

Itzul dezatela dirutza

Lagunok, erasoaren neurriko erantzuna eman behar da: kalera, kalera eta kalera, gure ametsak Barcinaren amesgaiztoak izan daitezen

Yolanda Barcinak 143.000 euro baino gehiago patrikaratu zuela aitortu du; erdia baino gehiago gainsarien bidez. Dirutza hori, iaz. Zenbat urte eman dute Barcinak eta enparauek horrelako dirutza jasotzen? Boterean daramatzaten urte luzeotan batek daki zenbat diru bildu duten. Kalkulagailua hartu eta egin biderketa. Gainera, orain azaleratu dena, antza, izozmendiaren erpina baizik ez da. Izan ere, gutxitan ikusi zaio Barcinari aurreko prentsaurrekoan bezain urduri.

Orobat, Barcinak ez du ezer esan gainsari horiek itzultzeaz, eta dimisioa emateko asmorik ere ez du agertu. Gutxiagogatik hainbatek eman dute dimisioa Europan, baina Estatu espainolean ez dago dimisioaren kulturarik. Edozeinek ikus dezake ez dela oso kontu normala; nomina duen edonoren kasuan, aztertuta, ikertuta eta aspaldi justiziaren begi zorrotzen azpian zegokeen.

Nik ez dut Espainiako justizia sisteman konfiantzarik, baina legea aipatuz ahoa betetzen duten horiek irakurri beharko lukete indarrean dagoen Kode Penalaren 295. artikulua, kudeaketa desleiala izeneko delituari dagokiona. Ondasun publikoen ustiapen ustelak hondamendira garamatza. Legezkoa den ala ez, epaileek ebatzi beharko lukete, baina, nolanahi delarik ere, murrizketa garaian ez da zilegi horrelako gainsariak eskuratzea eta ez itzultzea.

Aztarna gutxiagorekin euskal hiritar asko atxilotu eta Auzitegi Nazionalera eraman dituzte: egunotan bete da «Euskaldunon Egunkaria»-ren aurkako bigarren polizia operazioaren zortzigarren urteurrena, eta oraindik itxi ez den auzi ekonomikoa hor dago.

Irailaren hondarrean, Barcinak honelako hau esan zuen: «Normalean etxean astean bost aldiz garbitzen baduzu, orain bakarrik astean lautan garbitzen ahalko duzu [krisia dela-eta]». «Garbitu» aditzaren ordez, Barcinari «jan» aditza jartzea besterik ez zitzaion falta. «Normalean etxean astean bost aldiz jaten baduzu, krisia dela-eta, astean lautan bakarrik jaten ahalko duzu». Edo gutxiagotan.

Munduan beste asko bezala, Barcilandiako printzesa eta printze guztiak pozik eta alai bizi dira... besteon bizkar. Berak ez du bere etxea garbitzen, jakina. Zer esan nahi zuen horrekin? Etxeko garbiketa egiten dionari egun bat gutxiago garbitzeko aginduko diola? Edo egun bat gutxiago ordainduko diola? Hori ere ez da kontu garbia, baina, nolanahi delarik ere, ez du zerikusirik garbitasunarekin eta bai zikinkeriarekin.

Barcina printzesaren munduan ez dago zikinkeriarik, ez murrizketarik; baina benetako munduan, benetako Nafarroan, murrizketak non-nahi. Hezkuntza munduari dagokionez, nahiz eta ikasle kopuruak gora egin, 230 irakasle gutxiago kontratatu dituzte aurten. UPN-PSNren Gobernuak 43 milioi euro gutxiago inbertitu nahi du sare publikoan 2012an... Baina sare pribatu katolikoan murrizketarik ez, jakina. Egon badago dirurik gizentzeko Jesuitas, Carmelitas, Esclavas, Sagrado Corazón, Dominicas, Jesuitinas, Irabia, Ursulinas, Maristas, Amigó, Escuelas Pías... Horientzat guraizekadarik ez. UPN-PSNkoek beste lehentasun batzuk dituzte; Segurtasun Hirirako gastua bikoiztu nahi dute: 89 milioi.

Lagunok, erasoaren neurriko erantzuna eman behar da: kalera, kalera eta kalera, gure ametsak Barcinaren amesgaiztoak izan daitezen. Eta ez gaitezen etsipenean eror, horixe nahi baitu Barcinak! Ez dezagun umorea gal, eta Barcinari hortzak erakutsi, hortzak erakustea barre egiteko bertze modu bat baita!

Iragan den larunbatean, suminduen manifestazio jendetsuan, umorea galdu gabe, ozenki eskatu zen Barcinaren dimisioa, baita «Barcina kanpora» oihukatu ere. Nago larunbat honetan ere horrelakoak adituko ditugula Iruñean, Antoniutti parketik abiatuta eginen den murrizketen kontrako manifestazioan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo