Kanadari Apaolazaren kasuan parte hartzeko eskatu diote begiraleek
GARA | MADRIL
Ivan Apaolaza, Gorka Palacios, Jon Olarra Guridi eta Oier Goitiaren aurkako Madrileko Auzitegi Nazionaleko epaiketaren jarraipena egiten ari den Giza Eskubideen Begirale taldeak salatu egin du epaitegi berezi hori torturaz baliatzen dela, eta Kanadako Gobernuaren parte-hartzea eskatu du.
Montrealeko Liberte pour Ivan taldeko kideek azaldu dutenez, akusatuen aurka erabiltzen ari diren deklarazioak torturapean egindakoak dira, Ana Belen Eguesek eta Aitor Garciak epaiketan bertan adierazitakoaren arabera. «Ulertezina da; Kanadako Immigrazio eta Aterpe Kontseiluak seguruenik torturapean lortutako adierazpen gisa seinalatuko zituenak onartu egiten ditu Espainiako auzitegi batek», esan zuen atzo Nazila Bettache begiraleak, eta William Sloan Apaolazaren abokatu kanadarrak gaineratu zuenez, epaiketan erakutsitako froga bakar bat ere ez litzateke onargarria izango Kanadako auzitegietan.
Legedia espainolak baimentzen duen inkomunikazio sistema kentzeko nazioarteak egindako gomendioak gogorarazi zituen Kanadako Enbaxadako ordezkariekin bilduko den begirale taldeak. Bestalde, epaiketan senide eta publikoarekin izandako errespetu falta salatu dute begiraleek txostenean.