GARA > Idatzia > Euskal Herria

Behatokiak salatu duenez, 30 urteren buruan «Osakidetzak ez du euskaraz sendatzen»

p015_f02.jpg

GARA | GASTEIZ

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Kontseiluak hitza hartu zuten atzo, Gasteizko Legebiltzarrean, Rafael Bengoa Osasun sailburuak agerraldia egin ondoren. Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariak bertan salatu zuenez, «hogeita hamar urteren buruan Osakidetzak ez du euskaraz sendatzen». Eta errealitatea hain justu hori bera dela azaldu zuen, eta horri erantzun bat ematea Osasun sailburuari dagokiola gaineratu zuen. «Herritarren eskubideak bermatzea dagokio Administrazioari eta Gobernuari», nabarmendu zuen. «Erantzun egoki bat zor digu euskaldunoi».

Behatokiko zuzendariak Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaorekin batera egin zuen agerraldia Gasteizko Legebiltzarrean. Lehenik, Rafael Bengoa Osasun sailburuak hitz egin zuen, Debagoieneko Ospitalean herritar batek jasandako hizkuntza eskubideen urraketa larrien inguruko azalpenak eman behar izan zituelako.

Petriatik azaldu zuenez, osasun alorrari lotutako kexa andana jasotzen du Hizkuntza Eskubideen Behatokiak. Erakundeak urtero osatzen duen txostenaren arabera, «beltzuneetako bat» da osasun alorra, «kexen artean kexa kopururik altuena sortzen duen alorra da, ehunka kexa jaso ditu Behatokiak», nabarmendu zuen. «Eta kontuan izanik euskaldunok ez dugula kexak jartzeko ohiturarik, amorruarekin joaten garela etxera, oso garbi dugu kopuru hori errealitate zabal eta gordin baten isla besterik ez dela. Hizkuntza eskubideen urraketak Osakidetzan sistematikoak dira», ondorioztatu zuen Behatokiko zuzendariak.

Hizkuntza eskubideen urraketak Osakidetzan urterik urte errepikatzen direla azaldu zuen Legebiltzarrean. «Euskalduntzea oso motel doa. 30 urte, urte asko dira». Adibide bat ere jarri zuen Petriatik. «Badugu kasu bat Behatokian esku artean, pediatriari lotutakoa, 18 urtez luzatu dena. Eskandalagarria da!».

Urte hauetan, Petriatik esan zuenez, Administrazioan euskaraz artatua izatea eskatzeagatik herritarrari sortzen zaizkion traba guztiak direla medio, «normalean herritarrak onartu behar izaten du zerbitzua erdaraz jasotzea, baina azkenaldian, erabiltzaile asko ahalegin horretan prest agertzeko aurrera egin eta bere kasua publiko egiten hasiak dira. Azken hilabeteotan batzuk ezagutu ditugu. Aurrera begira, gehiago izango dira eta horiek Behatokiaren laguntza izango dute».

Sistemaren gabeziak

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, sistemaren beraren gabeziak salatu zituen. «Osakidetzan euskara normalizatzeko dekretua 2003an onartu zuten, alegia, hogei urte berandu. 2005ean berriz, Euskara Plana. Emaitzak hor ditugu: porrota izan da».

Bilbaok nabarmendu zuen «aurreikuspenik gabeko» plan bat izan dela: «Aurreikuspenik gabeko hizkuntza politikak ez du lortu profesional euskaldunak zerbitzuan kokatzea eta ondorioz, gaur egun euskaldunok hori pairatzen ari gara: administrazioen aldetik etengabeko eskubide urratzea, alegia».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo