GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Administrazioaren murrizketak, gero eta gehiago; nafarren haserrea eta mobilizazioak ere bai

Administrazio publikoetan murrizketak gero eta ugariagoak dira, eta horien ondorioz kaltetutakoak ere, gero eta gehiago. Nafarroan oso nabaria da egoera, eta nabaria, halaber, herritarren kezka eta haserrea. Osasunbideko lan eskaintza publiko bateko 102 lanpostuen baliogabetzeak kaltetutakoek 12.046 sinadura bildu dituzte hamar egunean deialdia bertan behera utzi zuen dekretuaren aurka. Atzo, Iruñeko Parlamentura sinadurak eraman, eta talde politiko gehienekin bildu ziren -PP eta PSEk ez zuten nahi izan-. Kezkagarria da, inondik ere, azken lanpostu murrizketa hau, galdutako beste ehunka lanposturi gehitu behar zaiena. Gainera, kaltetuak ez dira langileak bakarrik, herritar gehienek ere nabaritzen baitute osasun zerbitzu publikoak gero eta kaskarragoak izatea. Eta kezkagarria da hezkuntza arloan ere beste horrenbeste gertatzea. Horregatik, Nafarroako sindikatu gehienek mobilizazioetara deitu dute, irakasleen eta gainerako langileen baldintza gero eta eskasagoak eta herritarrek jasotzen duten zerbitzuaren kalitateak okerrera egin izana salatzeko. Ez dute motiborik falta, kezkagarria baita, azken batean, krisiaren aitzakian sistema publikoa deuseztatu eta pribatua bultzatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo