AHT egitasmoa Europako garraio sarean sartzeak Arriola poztu du
Euskal Herriko AHT abiadura handiko trenaren egitasmoa Europa barneko garraio sarean sartzea erabaki du Europako Batzordeak, atzo jakinarazi zutenez, eta beraz, diruz finantzatuko du. Atlantikoko trenbide eta errepide korridoreko atala da AHT egitasmo hori, Frantzia zeharkatu, Euskal Herria igaro, eta Portugaleraino iritsiko den bideko zatia. Arriola Garraio sailburuak ez zuen bere poza ezkutatu.
GARA | DONOSTIA
Europako garraio sarea osatuko duten korridoreen berri eman zuen atzo Europako Batzordeak eta horrekin amaitu du 2003. urtean onartutako oinarrizko garraio mapa berraztertzeko prozesua. Bete-betean eragiten du erabaki horrek Euskal Herriko azpiegituretan, Atlantikoko korridore horrek Frantzia eta Portugal lotzen dituelako, euskal lurretatik igaroz. Bai Lakuak, bai Nafarroako Gobernuak pasa den urriaren 13an eskatu zuten korridorea Europa barneko garraio sarean sartzeko, eta atzoko erabaki horrekin, Europaren diru laguntza jasoko dute.
Atlantikoko korridorea egitasmo multimodala da, trenbidez eta errepidez osatua, eta Portugal eta Arku Atlantikoko nodo nagusiak lotuko ditu. Europako Batzordeak oinarrizko sareko azpiegiturak 2030. urterako amaituta egon behar direla zehazten du. Estatu espainoleko Sustapen Ministerioak egindako eta Europako Batzordeari igorritako aurreikuspenen arabera, azpiegitura guztiak 2020. urterako erabilgarri egongo dira. Horrek eragin zuzena du gurean; izan ere, Hego Euskal Herriko abiadura handiko trenaren gehiengoa Sustapen Ministerio espainolak finantzatzen baitu. Aurrekontuari dagokionez, 11.700 milioi eurokoa izango da Atlantikoko trenbide korridorearen kostua.
«Ongizate handiagoa»
Lakuako Garraio sailburu Iñaki Arriolak atzo bertan prentsaurrekoa eman zuen Donostian, Atlantikoko korridorea Europa barneko garraio sarearen sartu izana baloratzeko. Arriolaren iritziz, «albiste zoragarria» da hau, «ongizate gehiago» sortzen lagunduko duena, eta «laburbilduz, herri modernoa sortzen» lagunduko duena.
Arriolaren ustetan, «lehiakortasuna eta loturak hobetzeko» aukera handiagoa izango dute horri esker Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresek, eta «garapen eta lan aukera handiagoak» ere eskainiko dizkie.
Datak ematen ere aritu zen Arriola atzo, eta abiadura handiko trenaren Gipuzkoako adarrari dagokionez, 2016. urterako amaituta egongo dela berretsi zuen. «Lotura frantsesari» dagokionez, 2020. urterako amaituta egon beharko dela adierazi zuen Garraio sailburuak. Era berean, 2009. urtetik aurrera Arku Atlantikoaren defentsan Lakuako Gobernuak egindako «esfortzu handia» goraipatu zituen.