Kantauri Surf Ligako lehen txandak egin dira
Bakio, Getaria eta Donibane Lohizuneko taldeak izan dira lehen itzuliko irabazleak.
Bakiok arerioarenean irabazi zuen, Zarautzen. Metro bateko olatu politak izan ziren eta bi taldeen arteko lehia oso bizia izan zen. Bakiotarren taldean ez zen neskarik; beraz, nesken kategoriari dagokion olatu bikoitza egiteko aukera galdu zuten. Olatuak aukeratzerako orduan ere ez zuten asmatu, baina hartzen zuten olatu bakoitza birrindu egiten zuten eta horri esker lortu zuten zarauztarrek baino puntu gehiago biltzea.
Getaria eta Sopelaren arteko txapelketa ez zen egin, Sopelako zenbait taldekidek ezin izan baitzuten garaiz heldu Getariara izan zituzten arazoak medio.
Donibane Lohizune eta Angeluren arteko txapelketa zinez arrakastatsua izan zen. Iparraldeko surflariek elkar ezagutu eta olatu bikainak partekatzeko aukera ezin hobea izan zuten Lafitenian. Europako eskuin olatu luze eta ederrenetako bat beraientzako bakarrik izan zuten eta ez zuten aukera alferrik galdu.
Donibane Lohizuneko partaideak etxean ziren, beraz, kolore gorriko likra zeramaten; gainera, herriko errugbi taldeko elastikoaren antz handia du likrak, eta, Angelukoen likra zuriak, berriz, Biarritz Olimpique errugbi taldeko elastikoa dirudi. Hori dela eta, txantxarako tartea ere izan zen; hori bai, talde bakoitzak serioski hartu zuen bere koloreak defendatzeko erronka.
Bi taldeak soilik open kategoriako lehiakideekin osatuta zeuden, alegia, ez zen neskarik, ezta 16 urte baino gutxiagoko surflaririk ere. Hortaz, olatu bikoitz bakarra egin ahal izan zuen talde bakoitzak.
Lehen itzuliko talde irabazleek hiru puntu lortu dituzte, eta, galtzaileek, berriz, puntu bakar bat.
Datorren igandean, goizeko hamarretan izango dira bigarren itzuliko txandak. Sopelan, Peña Txuri eta Zarauzko Surf Eskola lehiatuko dira. Bakion, berriz, herriko surflariak Getariako Lonjan taldearen aurka arituko dira.
Euskal Herriko lehen surf liga honen berri izan nahi duen orok Interneten du eskuragarri informazioa www.kantaurisurfliga.com webgunean.
Izenak berak adierazten du Penicheko hondartzaren berezko izaera, bertakoak tuboak egiteko olatu bikainak baitira. Hossegorreko olatuen antz handia dute, baina, hori bai, indartsuagoak dira.
Adriano De Souza 24 urteko surflari brasildarrak aurtengo bigarren proba irabazi du Supertubosen. Brasilgoa berak irabazi zuen eta Portugalgoa ere berak irabazi du. Horrez gain, ranking orokorrean hirugarren postuan dago.