GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

SURFLARI ERNEGATUA

«Ume puta hori!»

 

p054_f03.jpg

Aurtengo WCT zirkuitua amaitzeko bi proba baino ez dira falta eta irabazlea nor izango den nahiko argi izan arren ohikoa da norberak bere kuttuna aldarrikatzea. Lehiakide batzuk «onenak» izan ohi dira, baina faboritoak, sarri, emaitza onak lortzen ez dituzten surflariak izaten dira. Lehiakide bat begiko izateko norberak bere irizpideak ezartzen ditu, batzuek surflariaren estiloa hartzen dute kontuan, beste batzuek haren izaera; denak maite dituen hippya ere izaten da, eta, noski, baita inor maite ez duen piperra ere.

Gezurra badirudi ere, surflari ernegatua ez da azken horietakoa; ia denak maite dituenetakoa baizik. Irizpide teknikoak gailen daitezen saia gintezke, baina badira norberaren esperientzia pertsonaletan eragiten duten beste irizpide batzuk, eta, sarri, horiek izaten dira eragin handiena izaten dutenak. Horixe bera gertatzen zait niri Bede Durbidge australiarrarekin. Ez dut bere estiloa gogoko, teknikoki ere arintasuna falta zaiola deritzot, baina gustuko dut. Aurtengoan postu on bat lortuko ez duela badakidan arren, nire faboritoa da.

1997an Australian nintzela ezagutu nuen. Gold Coasten, Currumbin Beacheko eskuin olatuan, ikusi nuen lehenengoz. Olatu hori arroka handi baten aurka lehertzean abiatzen da; beraz, gehien arriskatzen duenak du lehentasuna. Han zebilen haitzari beldurrik ez zion 14 urteko ume moko bat, gelditu gabe olatuak hartzen; argala, txikia eta ilehoria zen. Nik, txundituta, zera pentsatzen nuen: «Ume puta horrek denak hartzen dizkik».

Halako batean zarata handi bat entzun zen. «Ume puta» hark kristoren ostia hartu zuen arrokaren kontra. Taula birrindu zuen, sorbaldan azala haragi bizian zeukan, eta, aurpegian, masailetan, odola. Bere lagunek eraman zuten ospitalera.

Astebete geroago surf egitera joan nintzen leku berdinera, eta, marmoka andana zegoenez, normalean hamarka surflari izaten ziren urautsian bost lagun baino ez ziren. Olatu hura behingoagatik lasai hartzeko aukera izango nuela pentsatu nuen eta ni ere uretaratu egin nintzen. Han topatu nuen haitzaren kontra hortzak hautsi zituen «ume puta». Aurpegia oraindik ere ederki markatua zuen gajoak, baina ez zuen olatuak birrintzeko gogorik galdu. Halako batean, gure taulak ia airean eraman zituen telebistako helikoptero bat gerturatu zen (telebistakoa zela dakit, etxera itzuli nintzenean jabeak telebistan ikusi ninduela esan zidalako). Ume moko hura biraoka hasi zitzaien helikopterokoei eta orduan pentsatu nuen: «Ño! Ume puta hori, jenio biziko bigantxa diagu!». Nire mirespena piztu zuen «ume puta» hark, eta ordutik askotan oroitzen nintzen berarekin.

Orain bi urte Bede Durbige ikusi nuenean, ume moko hari izena jarri ahal izan nion, altueran hasi arren, ez baita batere aldatu. Gaur, faboritoa dut. Portugalen hamarrekoa lortu duen lehiakide bakarra izan da. Adi! Baietz oraindik sorpresaren bat eman, «ume puta horrek».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo