Rip Curl PRO Portugal 2011 Txapelketen historiako olatu onenetarikoak Supertubosen
WCT zirkuituko probak munduko lekurik onenetan egiten dira. Hala ere, txapelketa egunean olatuak bere onenean izatea oso zaila izaten da, eragile anitzek bat egin behar baitute. Azpian harea den lekuetan baldintzak are eta zailagoak dira, hondoak etengabe aldatzen baitira. Supertubosen eragile guztiek bat egin dute eta olatu perfektuak izan dira. Adriano de Souza brasildarra nagusitu da.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Portugalen egin berri den azken WCT txapelketan sekulako olatuak izan dira. Penicheko hondartzak «Supertubos» izena zergatik duen inoiz baino gardenago ikusi ahal izan da. Metro bat eta bi metro bitarteko tubo perfektuak ikusi ahal izan dira txapelketa hartu duten hiru egunetan, eta, ondorioz, lehiakideek sekulako tuboak egin dituzte. Kelly Slater honela mintzatu zen txapelketaren amaieran: «Ez dut oroitzen 8 eta 9 puntuko hainbeste olatu bildu dituen beste txapelketarik».
Taj Burrow australiarrak ere hitz ederrak izan zituen: «Inoiz hartu ditudan olatu onenetakoak izan dira».
Udazkeneko hilabeteak aproposak dira Portugalgo itsasoaz gozatzeko. Lehorrean eguraldia goxoa da eta uraren tenperatura ere ez da oso hotza. Udan Portugalgo urak Kantauri itsasoan baina hotzago daude, baina, aldiz, neguan ez dira gurean adina hozten.
Portugalgo kostalde osoan zehar aurki daitezke hondartza eta surf egiteko leku bikainak. Orduan eta hegoalderago jo, orduan eta giro goxoagoa izaten da, bai uretan, baita lehorrean ere.
Surflarien artean ezagunenak, Peniche eta Ericeirako kostaldeak dira. Bertako hondartzen orientazio anitzek, itsaskien eta haizeen norabideen arabera leku batera edo bestera jotzeko aukera zabala eskaintzen dute. Portugalek itsaskien zuzeneko kolpeak jasotzen ditu; beraz, uhinak ere gurean baina maizago izaten dira.
Izenak berak adierazten du Penicheko hondartza honen berezko izaera, bertakoak tuboak egiteko olatu bikainak baitira. Hossegorreko olatuen antz handia daukate; indartsuak dira eta urertzetik oso gertu lehertzen dira.
Hondartzaren iparraldean olatuak askoz ere txikiagoak dira eta ihesbiderik gabe lehertzen dira. Olatu onak, erdialdean bakarrik aurkitzen dira. Gainontzean ihesbiderik gabeko olatuak dituen hondartza bat dirudi. Gainera, olatuek kanpotik begiratuta diruditena baino altuera eta indar handiagoa izaten dute.
2009ean egin zen lehenengo aldiz WCT mailako surf txapelketa bat Portugalen eta Supertubosen bertan burutu zen. Rip Curl Search txapelketa izan zen. Txapelketa hori lekuz aldatzen den WCT zirkuituko txapelketa bakarra izaten da eta olatu onak dituen munduko edozein lekutan egin daiteke (Txile, Indonesia, Mexiko). Hurrengo txapelketa ere horietakoa da. Hain zuzen ere, azaroaren bataren eta hamabiaren bitartean egingo da Kalifornian, San Frantziskon.
Iazkoa Puerto Ricon izan zen eta oihartzun handia izan zuen, batetik Kelly Slaterrek munduko hamargarren titulua han eskuratu zuelako, eta, bestetik, txapelketan parte hartu zuen Andy Irons lehiakidea zendu zelako.
Orain hiru urte Portugalen egin zen lehen txapelketa hura proba moduan egin zuten, hurrengo urteetan Mundakaren lekua hartuko zuen txapelketa izan zitekeelakoan, eta horrela izan da azkenean. Txapelketa hau egin duten hiru urteetan olatu ikusgarriak izan dira, beraz, zaila izango da txapelketa berriz ere Mundakara itzultzea.
2009an Mundakan egin zen azken txapelketa hura Adriano de Souzak irabazi zuen. Portugalgo azken txapelketa irabazi duen lehiakide berak, alegia.
Adriano de Souza 24 urteko brasildarrak aurten irabazi duen bigarren proba da Portugalgoa. WCT zirkuitua osatzen duten 11 probetako hirugarrena, Brasilgoa, berak irabazi zuen, eta, Portugalgoa ere, bederatzigarren proba, berak irabazi du.
Azken garaipenari esker ranking orokorrean hirugarren postuan jarri da. Lehen postua Kelly Slaterrek du, eta, bigarrena, Owen Right australiarrak.
Iaz Portugalgo txapelketa Kelly Slaterrek irabazi zuen eta aurten ere gertu ibili da, izan ere, sekulako emaitzak lortu ditu txapelketan zehar. Finalean, ordea, Adriano de Souzak garaitu zuen.
«Sekulako txapelketa izan da; hiru egunez olatua hartu eta zuzenean tuboan sartu baino ez genuen egin behar. Zoritxarrez, finalean tubo on bakarra izan da, nik lehentasun arauak ez ditut behar bezala kudeatu eta Adrianok hartu du olatu on hori. Hala ere, niretzako emaitza ona izan da. Orain Kalifornian parte hartzeko irrikatan nago. Ea olatu onak ditugun han ere», adierazi zuen Kellyk.
Adriano de Souza irabazlea, berriz, honela mintzatu zen: «Surf egiten hasi nintzenetik Kelly nire heroia izan da, beste inork baino gehiago bultzatu nau, berari esker asko ikasi ahal izan baitut. Orain berarekin buruz buru aritu eta irabazi izana, errealitate bihurtutako amets bat izan da. Ikaragarria izan da. Olatuak ere itzelak izan dira. Esker oneko hitzak baino ez ditut denentzat».
Izenak berak adierazten du Penicheko hondartzaren berezko izaera, bertakoak tuboak egiteko olatu bikainak baitira. Hossegorreko olatuen antz handia dute, baina, hori bai, indartsuagoak dira.
Adriano De Souza 24 urteko surflari brasildarrak aurtengo bigarren proba irabazi du Supertubosen. Brasilgoa berak irabazi zuen eta Portugalgoa ere berak irabazi du. Horrez gain, ranking orokorrean hirugarren postuan dago.