GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Dena alda daiteke

ETAk borroka armatua bukatu duela iragarrita, denetariko iritzi eta erreportajeak ditugu nonahi, eta zenbaiten aldetik, eskegitako ikus-entzunezkoaren hitzez hitzeko azterketa zorrotza ere bai.

Hain zuzen, azken horren harira, berriki izandako bizipen bat etorri zait burura. Hizkuntzan murgilduta, aldibereko itzulpenetan, zehazki, ikastaro batean egindako zenbait ariketa praktikoren ostean sorturiko eztabaidatxoa. Hizkuntzak berak, hau da, gure artean komunikatzeko tresna nagusiak, jendarte baten jarrera orokortua erakusten duela ziur, eta beraz, diskriminatzailea edo ez izan daitekeela, jendartearen ikuspuntu eta jokabide aldaketekin batera bilakatuz joan behar duelakoan nago. Eta hori diodanean, esan nahi dut guk geuk egin behar dugula eraldatu eta garaikide bihurtu, hiztunok, hasteko, baina baita arlo eta estamentu guztiek ere, erakunde gisa.

Itzulpengintza dugunok lanbide, badakigu zer-nolako buruhausteak ekartzen dizkigun euskara-gaztelera konbinazioak. Izan ere, generoaren kontua ez da makala. Gazteleraren erabilera askoz ere sexistagoa da (%80ko zama hori omen du), femenino eta maskulino markak ditu, eta orokorrean hitz egin nahi denean baliaturikoa beti da maskulinoa, emakumeok ikusezin utzita. Batzuek beti egin dela horrela eta marka biekin aritzea, nekagarria izateaz gain, absurdua dela defendatzen dute, besterik kontuan hartu gabe. Betikoak balio ukiezina balu bezala, hizkuntzak estatikoak bailiran.

Irudikatu, beraz, aldiberekoa bezalako ogibidean; non ahalik eta hitz gutxien erabiltzea, denbora aurreztea eta sintesi gaitasuna ezinbestekoak diren, ez bagara hitzaldia asmatzen ibiliko. Abagune horretan geunden, euskaratik gaztelaniara itzultzen, arestian aipatu ikastaroan. Ondorengo bateratze saioan irakasleari galdetu nion zein tratamendu ematen zaion kontu honi; irizpide orokorrik edo jarraibiderik ba ote dagoen ezarrita, erakundetuta, alegia, edo berak pertsonalki nola jarduten duen, bestela. Laburbilduta: irizpide orokorrik ez, norberaren sena jarraitu behar, hizlaria nor den, nolakoa den, zein esparrutan mugitzen den, gaia bera aztertu eta, horren arabera, erabakiak hartu. Adibide bat jartzearren esan zigun «jakina, feminista baten hitzaldia itzuliko baduzu, nahitaez jardun beharko duzu ellos y ellas, los niños y niñas eta halakoak esaten».

Norberaren erabakia, hortaz. Norberak aukeratzen duen bezala, esaterako, txikitatik ikasitako zenbait hitz itsusi, iraingarri, diskriminatzaile baztertzea, betidanik badaude ere. Norberak aukeratzen duen moduan zenbait jarrera eta jokabide erauztea, txikitan edo gaztetan ikasiagatik ere, ez dutelako zertan zuzenenak edo zintzoenak izan. Baina norberaren konpromiso hori, jendartearen eta bertako eragile eta erakundeenena gabe, ba al du baliorik? Ba al du benetako transzendentziarik?

Ariketa haien artean ETAren su-etena zegoen. Ostegunean, ETAren iragarkia gazteleraz ikusiz, hizkuntzaren baitako sexismoa ekiditen zutela ikusi nuen, los y las eta abarrekin. Eta den-dena alda daitekeela are garbiago ikusi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo