GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Gontzal Mendibil | Abeslaria

Esperantza

 

Garai berria, garai ilusionagarria, guztion ahotan da berria. Zorionekoak gu! Orain bai jakin izango dute normaltasunean bizi izan nahi dugun herri bat garela, gure benetako nahiak, gure antsiak, gure garen hori aldarriaren nahiaz gabiltzan herria.

«Euskaldun batek zer gura dauan gatx jakin leike» zioen aspaldi Bitoriano Gandiaga poetak. Euskaldun izan nahi duen herria ez ote?. Bere hitzak dira baita aspaldi baten kantatu genituenak «Esperantzari leiho bat zabaldu omen diote». Zabaltzen ari zaigun egoera berri honetan, asko dira gogoratu beharreko izen eta gertaerak. Pako Aristik esango zigukeen legez, «Hitza eta Memoria dira gizaki eta herri baten baliorik haundienak». Hala bedi, zeren, memorian izango ditugu joandako guztiak, hangoak zein hemengoak, hurkoak zein urrunekoak, memorian geratuko dira ustekabe guztiak. Gure nahiak eta ezinak, gure ametsak eta gure porrotak, geure izana.

Eta motxila bete historia polit, anker eta garratz eramango dugu aldean. Motxila bete gai, motxila bete asmo, motxila bete desilusio. Baina gure etorkizunerako ibilbidean bidea erraztuko zaigu, seguru baietz! Zama bat kendu izango bagenu bezala gaude euskaldun gehienok. Guztiok irabazi dugulakoan. Oraindik bada egitekorik eta ez gutxi, bada zer konpondu, bada zer egin, bada zeri ekin.

Barru-barrutik sortzen zaizkidan gogorapenak datozkit, izen asko datozkit burura, egun hau amestu izan zutenen aurpegiak, orain gure artean ez direnak, baina pozez blai izango liratekeenak. Eta barruko mina ere sortzen dit haiek egun hau ikusi ez izana. Beraien minak gureak dira. Berri pozgarri hau, euskal zeruetan geratu diren horiek guztiek sentitu izango dutelakoan nago; seguru baietz! Eta hemen eta orain, gogoan dut, besteak beste, Sabin Intxaurraga lehengusua. Gorazarrea eta esker ona Sabin, egun hau heldu zedin inor ez bezain tinko eta kementsu ibili izan zinelako, gorazarrea eta esker ona bidean bultza eginez egun hau behar genuela sinestarazi zenigulako, gorazarrea eta esker ona gure herriaren historian gorengo mailan izango zaitugun Sabin! Gure malkoak euri balitzozak Sabin, argituko balleuskuezak gainbeherako egunak, gure pozezko malkoetan, bizi izandako oinazetan, heu haugu gogotan!

Josean Artzeren hitzetan: «Galdu dutenekin elkartuko naiz bainan, ez sekulan ez, jokatu ez duenarekin». Joxeanek iragarri zigun baita, «udaberriak baino goizago loratzen du zuhaitza xoriak bere kantuz». Eta halaxe da, udaberria ez da heldu, baina udazken honetan, txorien kantua gozoago eta ozenago entzuteko aukera dugu, txorien hegada aireago eta alaiagoa dugu, eta inoizko baten udaberritu dezakeen esperantza dugu berreskuratu.

Halako egun ilusionagarrian, aurrera begiratzeko desirarik sakonenean, nora joan nahi dugun horretan, nondik gatozen jakiteko besterik ez bada ere, atzera begiratzeko gogoa ere izango dugu. Nik neuk atzera begiratuz, «esperantza» hitza jarriko nuke beste guztien gainetik, gaurtik aurrera, esanguratsu bihur dezakegun hitza.

Bizitzaren kasualitateak edo kausalitateak, Hego Amerikan dagoen Esperanza izeneko herrixka batera eraman ninduen 1984. urte mikatz hartan. Giro nahasia zegoen gurean orduan, egoera latza, suntsigarria, argi gabea, egoskorra. Aldi baterako alde egitea erabaki nuen, eta gogoan dut patuak eraman ninduen Esperanza herrixka hura, Otavalotik gora, Ekuadorreko leku maldan beheratsu batean kokatua. Berezia zen lekua, mundutik kanpo bailegokeen legez. Euskal parajea zirudien leku menditsu hark.

Gogoan dut hango eskolan kitxua ikasten zutela bertako umeek. Neure umearoko gogorapenak zetozkidan, nahiz eta nire umearoan, Frankoren diktadura kontu, espainolez ikasi beharra geneukan. Baina indigena haiek nire txikitako Gorbeiapeko indigenen trazak zituzten. Hamar bat egunez izan nintzan Ekuadorreko Esperantza herrixkan pozean, baina urrunetik neure herriaren aiduru eta bihotz minez nengoen. Ia urtebeteko bidaia hartan, hemendik alde egindako euskaldun asko ezagutzeko aukera izan nuen Ameriketako hainbat herrialdetan. Gehienak etortzeko desiran zeudenak.

Pasadizo pozgarri bat ere badut kontatu beharrekoa, Quitoko kiosko baten indigena bati erosi nion egunkaria eta, nongoa nintzan erantzun ostean, hala non diostan: «Euskara badakizu?». Ni zur eta lur hura entzutean, gero jakin izan nuen, hemendik joandako misiolari batek erakutsi zizkiola hainbat hitz euskaraz.

Amerikatik Euskal Herriratu eta lasterrera, Santi Brouardekin izan nintzan bazkari batean bere ondoan, etorri berri izan nintzaneko Arrasateko bazkari gogoangarri hartan, Ameriketako istorioak kontu kontari ari nintzaion berari. Ameriketan bizi izandako kontuak idazteko esaten zidan Santik. Handik bi egunera erail zuten bere kontsultan bake bidea ireki eta eratu nahi izan zigun Santi Brouard. Guztiok dugu gogoan nola eta nork egin zuen.

Geroagoan, patuak edo halabeharrak, hala, dena delakoak, Bilbon dagoen Esperantza kalera eraman ninduen bizitzera, bertan izan nintzan hamar bat urtez. Eta kale eta bizileku hartan berreskuratu nuen neure eguneroko joanean aurrera irauteko behar nuen nolabaiteko Esperantza. Eta han irakurri nituen eta orain ere irakurtzen ditut Gabriel Arestik idatzi zituen hitzak, «Askaotik Sendejara Bilbaon Esperantza oso mehar ilun eta laburra da». Barkatu iezadazu Gabriel poeta haundi hori, «nire aitaren etxea defenditu nahi» horren asmoz, esperantzaren iragarri mehar horretan, erratu zaitezela sinetsi nahi dut. Udaberria gauzatuko den esperantzan, zorionak, Euskal Herria!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo