GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aurrekontuen eztabaidan herritar eta eragileen iritzia jasoko du Bilduk Nafarroan

Nafarroako aurrekontuak herritarren ezkutuan egitea eragozteko asmoz, herritarren eta gizarte eragileen iritzia jaso eta erakundeetara eramango du Bilduk. Nafarren kezkak lehen eskutik jasotzeko zazpi lan saio egingo ditu etzi Nafarroan barrena.

GARA |

Aurrekontuen eztabaida Nafarroako Parlamentuan irekitzear den honetan, Bilduk herritar eta gizarte eragileei eman nahi die hitza, haien kezkak eta ekarpenak jaso eta aurrekontuen gaineko irakurketa eurekin batera osatzeko.

Nafarroako Parlamentuan Bilduk dituen zazpi legebiltzarki- deak izango dira herritarren parte hartzea sustatzeko arduradunak eta horretarako zazpi lan saio antolatu dituzte.

Bilduk, komunikabideetara igorritako oharrean adierazi bezala, «gizartearen eskaerak eta hiritarren ikuspegia erakundeetara eramatea» du helburu. Zentzu horretan, beraz, jendartearen parte hartzea sustatzea ezinbestekoa deritzo.

Bilduk gogor kritikatzen du oharrean UPNk eta PSNk gobernatzeko duten modua, eta egunotan murrizketei «zigilu legala» eman izana gaitzetsi du; «dekretu baten bidez hamaika lege aldatu dituzte, lege horiek beren prozesua izan dutela ahaztuz», gehitu du. Bilduk defendatzen duen gardentasuna sustatzeko eta jendartearen parte hartzeari bidea emateko xedez antolatu ditu aipatutako lan saioak.

Guztiak datorren asteazkenean izango dira. Nafarroako hiriburuko biztanleek Hotel del Caminon dute hitzordua, 19.00etan. Baztan, Malerreka eta Bortzirietakoek, Bertizaranako udaletxean, 20.00etan. Irurtzunen ere bada lan saioa; 19.00etan izango da, herriko kultur etxean. Agoitzen 20.00etan izango da, Aurelio Leon kultur aretoan. Lizarran Remontibal pilotalekuan dute zita 19.30ean, eta, ordu berean, Tafallan, Alkartetxean. Tuterarrek, aldiz, Larua egoitzara bertaratu beharko dute, 19.30ean.

UPNk edo PSNk ez bezala, herritarren beharren arabera egin nahi ditu Bilduk aurtengo aurrekontuak. Hori dela eta, behar horiek lehen eskutik jasotzeko antolatu ditu lan saioak.

zerbitzu publikoak

Osasuna, hezkuntza eta gai sozialak babestu eta legez blindatzeko bi lege proposamen egin ditu Bilduk Nafarroako Parlamentuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo