Beti gainean daramagun sakelakoa, euskara ikasteko ere lagun
Hizkuntza berri bat ikasten hasten garenean, astun samarra izaten ahal da lehenbiziko etapa; hitz pila bat buruz ikastea, nahiko monotonoak izan daitezkeen ariketak egitea... Horregatik, teknologia erabiliz metodo dibertigarri eta errazagoak sortzen ari dira. Elhuyar Fundazioak, adibidez, Europako proiektu batean parte hartu eta mugikor bidez euskara ikasteko sistema bat garatu du.
Maider IANTZI
Ez dira gaur elkartu euskara ikasketak eta teknologia berriak. Badira urte batzuk AEK Moodle software libreko plataformarekin lanean hasi zela, Interneteko baliabideak diseinatzen, eta gaur egun maila guztietako ikastaroak ematen ditu sarean. HABErentzat ere euskaltegietako ikastaroen oinarri izateaz gain, ezinbertzekoa da Moodle irakasleen formazioan. Plataforma horren erabiltzaile, garatzaile eta administratzaileei zuzendutako bosgarren kongresua edo jardunaldia egin berri dute Gasteizeko Goiuri jauregian eta 150 eragile inguruk parte hartu dute. Guztiak etorri dira bat Moodlerekin euskara edozein tokitatik era eraginkorrean ikas daitekeela baieztatzean.
Ikasten.net, Boga sistema, Kaixo.com, Bai&by, Mondragon-Lingua, e-Mintza... Anitz dira euskarazko komunikazioa eta teknologia berriak lotzen dituzten tresnak. Azkenetakoa, lehenbiziko urratsak ematen laguntzen duen sakelako telefonorako aplikazioa, Elhuyarrek egina.
Euskaldunekin batera, Zipre, Grezia eta Ipar Irlandako lagunak aritu dira proiektu honetan elkarrekin. Yiannis Laouris Ziprekoa da, bertako Neurozientzia eta Teknologia Institutuko zuzendaria. Bertan, kultura ezberdinen arteko elkarrizketa lantzen aritzen dira eta egitasmo ugari dute martxan bakea sustatzeko. «Asko interesatzen zaigu teknologia bakerako erabiltzea, baita hizkuntzetarako edota behar bereziak dituzten pertsonei laguntzeko ere, entzumen arazoak dituztenei adibidez», agertu dio GARAri Donostiara egindako bisitan.
Itziar Nogeras Elhuyarreko zuzendariak azaldu duenez, hainbat hizkuntza -tartean euskara- sakelako telefonoaren bidez ikasteko egin den ikerketa honetan, Moblang izenekoan, parte hartu dute beren xedearekin bat egiten duelako. «Euskararen normalizaziorako eta garapenerako ona da eta hainbat herri eta hizkuntzarekin konpartitzeko aukera ematen du. Gainera, ikasteko beste pauso bat da». Smartphone eta bertze mugikor batzuetarako hiztegia ere aurkeztu du Elhuyarrek. Hemendik gutxira tabletphonetan egotea espero dute.
Laouris Moblangen hastapenei buruz mintzatu da, eta, oroitarazi duenez, Europar Batasunak bi arrazoirengatik eman die laguntza, edukiarengatik eta kulturen integrazioa bultzatzeko. Proiektuaren helburua pixka bat ikasten hastea da, oinarriak ezagutzea, adibidez, herrialde batera bidaiatzean hango hizkuntza hitz eginez errespetua adierazteko. «Teknologia modernoa erabiltzen ari gara lan soziala egiteko».
Egitasmoaren emaitza librea da eta garrantzitsua deritzo horri; www.moblang.eu webgunetik doan jaitsi eta edonork erabil dezake. Oraindik ez du sakelako guztietan funtzionatzen, Nokia gehienetan eta Sansum batzuetan soilik, baina laster zabaltzeko asmoa dute, benetan nahi dutelako jendeak kalean erabiltzea. Smartphone, iPhone eta Androidetara zabaltzea lortzen dutenean garatzaileek bertze proiektu batzuk aurrera ateratzeko aukera izanen dute honetatik abiatuta.
Danel Solabarrieta euskarazko aplikazioa garatzen aritu den Elhuyarreko langileak aipatu duenez, bada teoria pedagogiko bat erraten duena hizkuntza batean lehenbiziko urratsak egiteko bi mila hitz ikasi behar direla buruz eta kopuru hori jakinda ahoz moldatzeko gai izan daitekeela hiztun bat. «Bi mila hitzekin %90a ulertzen du eta gainerako %10az testuinguruagatik jabetzen da. Idatziz moldatzeko, ordea, ez da nahiko». Jakinarazi duenez, euren helburua jendea kalean euskaraz komunikatzeko gai izatea da.
Hizkuntza bat ikasteko liburua, ordenagailua edo bertze tresna anitz erabil daitezke, baina kasu honetan mugikorra aukeratu dute muga batzuk izan arren -begiak arinago nekatzen dira, adibidez- abantaila ugari ikusten zizkiotelako. «Gaur egun denok daramagu aldean eta zer egin ez dakigun tarte horietan, dentistarenean zain gaudela edo trenean, ikasteko aprobetxa dezakegu. Gauzak buruz ikastea ere errazagoa da testu hutsetik baino multimediatik egiten bada. Atseginagoa da irudiaren eta soinuaren laguntzaz egitea eta gehiago ikasten da. Entzunda, idatzitakoa nola ahoskatzen den jakiten dugu eta tonuaz ere jabetzen gara».
Tresna berri honek bi mila hitz inguru dakartza, multimediaz lagunduta, zenbakiak, egutegia, agurrak, tokiak eta helbideak, erosketak nola egin eta oinarrizko bertze hamaika gauza ikasteko. Joko interaktiboekin modu dibertigarri eta ludikoagoan ikasten ahal da hizkuntza eta aukera dago, adibidez, gaztelaniazko esaldi bat itzuli, euskaraz zure ahotsa grabatu eta, gero, ongi errandako esaldiarekin batera entzuteko, hala biak konparatzeko.
«Buruan izan dugun publikoa pertsona heldu bat da, zerotik edo ia zerotik ikasten hasten dena eta gutxieneko hiztegi bat nahi duena euskaraz komunikatzeko. Irlandarren kasuan, gaelikoa irakastea izan dute helburu eta publiko gazteagoarengan pentsatu dute, 13 urte inguruko neska-mutiletan».
Gaztelania-euskara, greziera-turkiera (eta alderantziz), greziera-albaniera eta ingelesa-gaelikoa dira aplikazioetako hizkuntzak. Eta aplikazio bakoitza sortzeko kontuan izan dute testuingurua. Hizkuntzaren zein atal sartu erabakitzeko ikerketa bat ere egin dute unibertsitatean, hizkuntza bat ikasteko oinarrizko hitzak zeintzuk diren jakiteko.
Elkar argitaletxearen Arian euskara ikasteko metodoa ere berritzailea da, ikaskuntza «modu naturalean» planteatzen duelako, eguneroko egoera praktikoetatik abiatuta hizkuntza edukietara joanez eta hala ikasketa samurtuz. «Ikasleak egoera komunikatibo jakin batean jartzen ditu, sendagilearenean, erosketak egiten edo lana bilatzen, eta egoera horrek behar dituen hizkuntz baliabideak ematen dizkio», azaldu dute sustatzaileek. Oraingoz, Europako Erreferentzia Markoko A1 mailari dagokion materiala kaleratu dute, hamabi unitatez osatua, bakoitza bere ikasliburu, lan koaderno, audio eta bideoekin. Txantxon Zubeldia editoreak jakinarazi digunez, sorta hau bera euskarri digitalean eskaintzeko asmoa dute.
«Euskara irakaskuntzan dabilen edonork daki halako metodo moderno bat falta zela, eguneroko mugimendu eta beharretan oinarritua. Hainbat material zegoen, baina orain atera duguna bezalako metodo osorik ez», adierazi du. Hau lehenbiziko emaitza baino ez da, gero mailaketa osoa eskaintzeko asmoa baitute. Berez bakarka ikasteko pentsatuta dago, baina edozein zentrotan erabiltzeko ere aproposa izan daiteke metodoa, irakaskuntza arautuan ere bai, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan edo Batxilergoan.
Hizkuntza berri bat ikasteko orduan sarri ahantzia gelditzen da mintzapraktika; horregatik, metodo honek audio eta bideo lagungarriak eskaintzen baditu ere, ikasleek barneratutako jakintzak eguneroko egoeretan erabiltzeko urratsa eman beharko luketela agertu du Zubeldiak, adibidez, erosketen unitatean ikasia gero dendara eramanez.
Elkarrek euskara bakarrik ikasteko Bakarka metodoa ere kaleratu du egunotan, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako mintzairetara egokiturik. Liburuarekin batera, elkarrizketak, irakurgaiak eta kantuak biltzen dituen disko bat atera dute.
Euskal aditzak badu bere webgunea, www.aditzak.com, euskara ikasleentzat ez ezik, testuen erabateko zuzentasuna bilatzen duten itzultzaile, idazle, kazetari edo bertze edozein profesionalentzat ere hagitz erabilgarria izan daitekeena. Garikoitz Knörr filologo eta itzultzaile gasteiztarrak diseinatu du Ideatecarekin lankidetzan. «Aditza euskararen alderdi konplexuenetako bat da, eta horrexegatik sortu zen ekimen hau abian jartzeko ideia», ekarri dute gogora proiektuaren bultzatzaileek. Hala, orain arte erabili izan diren taula klasikoei eta hiztegi eta testu-liburuetan ageri diren zerrendei web tresna erraz bat gehitu diete.