Rocka, metala eta doinu melodikoak nahastu ditu Eratu hirukoteak bere lehen diskoan
Eratu metal rock hirukoteak izen bereko lehen diskoa kaleratu berri du. Tolosako Bonberenean grabatu dute Karlos Osinaga «Txap»-en gidaritzapean. Ostiralean Zumaiako gaztetxean izango dira.Ane ARRUTI | BILBO
Azkar egin ditu lanak Eratu hirukoteak. 2010 bukaeran taldea sortu eta pasa den apirilean hartu zuen dagoeneko estudiora sartzeko erabakia. Azkar bai, baina ondo ere bai, antza; Arabako Musika Maketen V. Lehiaketan euskarazko lan onenaren saria eskuratu dute kaleratu berri duten lanarekin.
Ondarroa, Agurain eta Gasteiz artean sortu da Eratu. Aitor Agirre bateria jotzailea (Joxpa, Kemen Lertxundi) eta Unai Olalde gitarra jotzailea (Sortuz), Laia taldean aritu ziren elkarrekin, eta, proiektu berri hau buruan, kantuak konposatzeari ekin zioten buru-belarri. Otsaila aldera batu zitzaien Joseba Luzuriaga Luzu baxu jotzailea (Xasta). Bakoitza punta banatakoa izanagatik, astebururo elkartzen dira entseatzeko. «Ilusioa dagoen bitartean ez gara nekatzen», aitortu zion Agirre ondarroarrak GARAri.
Apirilean jo zuten estudiora. Tolosako Bonberenean grabatu dute hamar kantuz osatutako diskoa eta lan hauetan eskarmentu handia duen Karlos Osinaga Txap izan dute kontroletan. «Oso gustura atera ginen grabaketatik. Guk zer nahi genuen esan genion, baina, bere esperientzia kontuan hartuta, bere erara lan egiten utzi genion grabaketan», esan zuen Agirrek.
Metal rock soinuak ahots melodikoarekin uztartzen dituzte eta Deftones, Foo Fighters edo, gerturago etorrita, Berri Txarrak bezalako taldeen eragina dutela aitortzen du Agirrek. Grabaketa lanetan ez ezik, kantuan ere izan dute izen ezagunik, Juan Sangrek «Ametsa nahiago?» kantuan kolaboratu baitu. «Denok gara apur bat bere fan-ak, betidanik jarraitu izan dugu Ekon eta, orain, baita Governors ere. Juan beti izan da guretzat musika munduko izar baten parekoa; beti izan gara bere jarraitzaileak. Eta pentsatu genuen: `Zergatik ez diogu proposatuko?'. Ezin izan zuen estudiora etorri kanpoan zegoelako, baina bere lokalean, Arrasaten, grabatu zuen ahotsa». Bestalde, Aitzol eta Aroa Lasak eta Oihana Ameskuak hiru abestiren hitzak egin dituzte.
Diskoa kalean, zuzenean eskaintzeko gogoz daude orain. Ostiral honetan Zumaiako gaztetxean arituko dira Arramazka taldearekin batera, eta, azaroaren 4an, berriz, diskoaren aurkezpen berezia egingo dute Ondarroako Kafe Antzokian. Durangoko Ahotsenea eremuan ere zerbait ezberdina egiteko asmoa dutela aurreratu dute.
Eratuk ere, azken boladan talde askok bezala, autoekoizpenera jo behar izan du diskoa kaleratu ahal izateko. «Argitaletxe askotan ahalegindu gara», azaldu zuen Aitor Agirrek. «Nik, talde askotan ibili naizenez, banituen kontaktu batzuk eta aritu nintzen maketa erakusten. Baina, gaur egun daukagun egoeraz aparte, metal rock estilo honekin ez dute arriskatu nahi», esan zuen. Horietatik bakarra agertu zen prest, «baina guk egin behar genuen dena, berak zigilua bakarrik jartzen zuen eta gure kabuz ateratzea berdin-berdin izango litzateke. Lagunduko ez gintuen bati publizitatea eman ordez, guk geuk aurrera egitea erabaki genuen».
A.A.