Joxemari Carrere Ipuin kontalaria
Minutu eta erdiz
Ezagutu eta ia lehenengo hitzak izan ziren: «Jendea elkarrekin ondo eramateko ezin da hitz egin erlijioaz, politikaz eta futbolaz». Hori esan eta minutu pare batera politikoen gainean ari zen sekulakoak eta bi esaten, egoera politikoaz mintzatzen eta bere aukera politikoaren zergatiak azaltzen. Futbola edo apaizak ez zituen aipatu, agian denbora faltagatik. Cosiaca goitizena du, Elkin Mauricio Posada da izenez, eta Medellingoa da, kontalaria. Ziztu bizian mintzatzen da eta gaitza da ulertzea. Bere jatorri apalaz harro dago eta mendiko kultura eta izaera aldarrikatzen ditu.
Ipuin bezainbeste pasarte kontatzen ditu. Behin, lagun batekin hotel batean zegoela, zopa berotu nahi omen zuten. Bertako langile bati galdetu eta honek ondoko gelan mikrouhin labea zegoela esan zien. Hara gerturatu eta ontzia hantxe sartu. Zopa sartutako lekutik ezin atera; langilearengana jo dute. Honek mikrouhin labean ez du ezer ikusi. Beste biek, berriz: «Hori ez, hau», argitu diote. Eta langileak, harrituta, begi zabalik ikusi du zopa kutxa gotorrean sartu dutela. Zein zenbaki markatu duten galdetzen dienean, «nik minutu eta erdi jarri diot!» erantzun du, lasai asko.
Ipuin jaialdietan ibiltzea, batez ere urrutiko lurraldeetan bada, jatorri eta kultura ezberdinetako kontalariak ezagutzeko aukera paregabea da. Euren ipuin ikuskari proposamenez gain, dakarten bizi ikuspegia ezagut dezakegu. Baita gurea hartu eta biak elkarren ondoan jarri ere. Harrigarriak egingo zaizkigu gauza asko, baina nondik begiratzen den da gakoa. Halako jaialdietan begiratzen ikasten dugu eta elkar irakasten. Minutu eta erdiz bada ere.