Palestina, NBEko estatu kide izatetik hurbilago
Ameriketako Estatu Batuen eta Israelen mehatxu ekonomikoak gorabehera, Unescok kide gisa onartu zuen atzo, gehiengo handiz, Palestinako Aginte Nazionala. Onarpen hori urrats garrantzitsua da Palestina NBE Nazio Batuen erakundean estatu ofizial gisa sartzeko bidean, eta horrela ulertu dute palestinarrek ere. Datorren azaroaren 11n aztertuko du NBEko Segurtasun Kontseiluak Mahmdud Abbas PANeko presidentearen eskaera, israeldarrak hain urduri jartzen dituena. Izan ere, NBEk 1967ko armistizioan ezarritako mugak lituzkeen estatu bat onartuko balu, Israel estatu baten okupatzailea -eta ez «lurralde soil» batzuena- izango litzateke nazioarteko legediaren arabera. Palestinak, gainera, Nazioarteko Zigor Gortera jotzeko aukera izango luke Israelen gehiegikeriak salatzeko. AEBetako ordezkariak atzo esan zuen ezin dela «bidezidorrik hartu», eta negoziazio zuzenen bideari eustea proposatu zuen, Israelek bezala; hain zuzen ere, Israelek benetako arazoei heltzea saihesteko erabili izan duen bide bera. Israelek, bere aldetik, «bakerako balaztatzat» jo zuen Unescoren erabakia, eta erakunde horrentzat atzokoa egun tristea izan zela esan zuen. Bitartean, Israelgo Armadak beste bi palestinar hil zituen Gazan, eta, hala, atzora arteko azken 48 orduetan hamabi ziren jada hildako palestinarrak. Hilketa horiek, edo lurralde okupatuetan kolonia berriak eraikitzen jarraitzea, ez dira bakerako balazta, nonbait.