GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Kronika | Ikastolen alde futbola

Seaskaren aldeko festan Hegoaldeko futbolariak izan dira nagusi

Eguraldia lagun, 500 ikusle inguru batu ziren atzo Donibane Lohizuneko futbol zelaian Iparraldeko eta Hegoaldeko futbolari beteranoen arteko partida ikusteko. Seaskaren alde antolatutako neurketan, 0-7 gailendu ziren Hegoaldekoak.

p034_f01_435x534.jpg

Jon LEUNDA

Emaitzak ez zuen aparteko garrantzirik atzoko partidan, helburu nagusia beste bat baitzen. Futbola aitzakiatzat hartu eta Seaskarentzat, Ipar Euskal Herriko ikastolentzako, dirua ateratzea zen asmoa. Horretarako Hego eta Ipar Euskal Herriko futbolari ohi onenetakoak batu zituzten, eta ikuskizun polita eskaintzen saiatu ziren.

Eguraldiak ere lagundu nahi izan zien bertaratu ziren ikusleei, eta denak gustura egon ziren izar izan direnak ikusten. Giroa ere ona izan zen harmailetan, trikitilariak ere aritu baitziren ilunabarra gozatzen eta alaitzen. Lehen Mailan aritutako jokalaririk gehien Hegoaldean zeuden, eta hori berdegunean ere nabaritu egin zen jaun eta jabe izan baitziren. Agindutako futbolarien artean Loinaz eta Urzaiz falta izan ziren, biak ere azken unean ezin izan baitzuten bertaratu. Gainerakoak Donibane Lohizunen izan ziren, zaleak gozarazten; beraiek ere gozatu zuten, denek pasa baitzuten ongi.

Oraindik sasoian

Honelakoetan, Seaskari laguntzeaz gain, orain gutxira arte izarrak izan direnak ikusi nahi izaten dira, eta horietako mordoxka bat izan ziren Arin Luzienen zelaian, eta askok oraindik sasoiari eusten diotela ikusi zen. Azpimarratzekotan, lehen zatian Iñigo Idiakez nabarmendu zen. Realeko jokalari ohiak erakustaldia eman zuen, jokaldi apartak eginez. Iparraldean, berriz, Bernet atezainak lan bikaina egin zuen. Avirongo jokalari ohiak sekulako geldiketak egin zituen, oraindik jokatzeko moduan dagoela erakutsiz. Orain atezainen entrenatzailea da. Bigarren zatian, beste jokalari batzuk ere nabarmendu ziren. Alkiza aginduz aritu zen, oraindik bikain zaintzen dela erakutsiz. Loroñok, berriz, golak egitea ez zaiola ahaztu erakutsi zuen. Eibar taldeko jokalari ohiak bi egin zituen. Hala ere, golik ederrena Lutxo Iturrinok lortu zuen, Gorostiaga atezainaren gainetik baloia loratuz.

Festa ez zen amaitu partidarekin, gero afaria izan baitzen; bertako dirua ere Seaskarentzat zen. Garbi dago horrelako egunak beharrezkoak direla, eta jendeak oraindik erantzuten duela. Berririk txarrenak, berriz, Irazustaren eta Zudaireren lesioak izan ziren, nahiz eta ez dirudien oso larriak izango direnik.

Bernet, Duluc, Lemonier, Paillague, Etxeberri, Legaz, Eskiroz, Elisalt, Balaguer, Histilloles eta Duhartek osatu zuten Iparraldekoen hamaikakoa. Gero, Gorostiaga, Sarramagna, Salaberri, Zoleri eta Sarrias ere aritu ziren. Hegoaldean, berriz, Etxeberria, Estibariz, Ferreira, Iturrino, Larrazabal, Vales, Alkiza, Irazusta, Idiakez, Zabala eta Zudaire aritu ziren hasieran. Gero, Arteaga, Alkorta, Loroño, Bakero, Uria eta Roteta ere aritu ziren. Irazustak lortu zuen lehen gola, eta gero, Idiakezek, Iturrinok, Loroñok eta Alkortak sartu zituzten; azken horiek bina.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo