GARA > Idatzia > Kultura

Ukrainarrak garaile eta euskaldunak sariturik, Tolosako Lehiaketan

Oreya Chamber Choir izan da 43. Tolosako Abesbatza Lehiaketako irabazle argia, ahots nahasien bi modalitateetan (polifonian eta folklorean) gailentzeaz gain, Kutxaren Sari Nagusia irabazi eta Europako Sari Nagusirako izendapena lortu baitu. Antolatzaileak hagitz kontent daude aurtengo parte-hartzaileen maila aparta izan delako eta Errenteriako Landarbaso ere irabazleen artean delako. «Errealitate bihurtutako ametsa da guretzat», adierazi dute taldeko kideek.

p039_f01.jpg

Maider IANTZI | TOLOSA

Atzo eman zioten amaiera aurtengo Tolosako Abesbatza Lehiaketari Leidor antzokian egindako saio dotore batekin. Bertan elkartu ziren herritarrek, hainbat herritako proposamenak aditzeaz aparte, irabazleen izenak jakin zituzten eta poz handia hartu zuten talde euskaldun bat tartean zelako. Errenteriako Landarbasok hirugarren saria eskuratu zuen Ahots Nahasien Polifonia modalitatean.

Ana Arreche Tolosako Ekinbide Etxeko presidente eta epaimahaiko idazkariak edizio honetan izan den maila aparta nabarmendu zuen. «Hirugarren saria lortzeko %75eko mailara iritsi behar da eta aurten abesbatza guztiek gainditu dute puntuazio hori». Publikoari dagokionez ere primerako balorazioa egin zuen, eta erran zuen saio guztietan ia-ia beteta egon dela antzokia.

Xabier Sarasola buru, Euskal Herriko, Britainia Handiko, Hungariako, Bulgariako, Italiako eta Esloveniako kideek osatu zuten epaimahaia. Horiek afinazioari jarri zioten arreta, enpasteari, programari... abesbatzen emanaldien alderdi ugariri. Ukrainako Oreya Chamber Choir jo zuten irabazletzat, osoena iruditu zitzaielako. «Ahotsak eta zuzendaria oso onak dira, baita programa ere, atsegina eta oso ondo egina», adierazi zuen Arrechek.

Txekiarrak, Ahots Taldeetan

Nazioarteko epaimahaiak Txekiar Errepublikako The Gentlemen Singersi eman zion lehenbiziko saria Ahots Taldeen modalitatean, bai musika profanoan bai musika erlijiosoan. Haurren abesbatzen lehiaketan, berriz, Guangzhou Children's Palace Choir txinatarra gailendu zen. Abesbatza honek estimazio handia du munduan, eta bira eta kontzertuz gainezka du agenda. Leidorren, benetan emanaldi ikusgarria eskaini zuten, publikoaren gozagarri.

Azkenik, Asturiasko El Leon de Oro taldeak jaso zuen Lakuako Gobernuak euskal abesti baten interpretazio onenari ematen dion saria, Josu Elberdinen «Segalariak» kanta hain ongi kantatzeagatik.

Ekitaldiaren eta sari banaketaren ondotik, Tolosako babarrun goxoak jateko bildu ziren abeslari guztiak eta lehiaketako urduritasun eta kontzentraziorik gabe, besta giroan elkar ezagutzeko eta mahai inguruan batera kantatzeko aukera izan zuten kultura ezberdinetako lagunek. Horixe baita 1969tik egiten den nazioarteko lehiaketa honen xedeetako bat, munduko abesbatza onenak batzea, estiloak, interpretazioak, abesbatza literaturak, ahots hezkuntzak eta herrialde bakoitzeko berezitasunak errazago truka ditzaten. Kanpotarrek bertatik bertara ezagutu ahal izan zituzten, gainera, euskal musika eta kultura.

Europako Saria

Lekua: Tolosako Leidor antzokia.

Data eta ordua: Larunbata, 17.30.

Taldeak: Euskal Herriko Kup Taldea lehiatuko da, Italiako Coro Cittá di Roma, Alemaniako Consono Chamber Choir, Suediako Svenska Kammarkör eta Hungariako Cantemus Children's Choir-ekin batera.

Sarrera: 15 euro.

«Ikaragarria da; bertan egon behar da sinesteko»

Ukraina, Txina, AEB, Letonia... Herri ugaritako abeslariekin bazkaltzen ari zela solas egin genuen Aritz Gonzalez Landarbasoko kidearekin. «Oso-oso pozik gaude. Lehiaketa honen arrakasta ikaragarria da eta, gainera, aurtengo maila ikusita, sari bat eskuratzea sinestezina da», hasi zen. «Oso-oso gustura kantatu dugu; giroa ederra izan da eta entzuleak alde genituen. Hori asko eskertu dugu, oso urduri egon garelako». Harro egoteko moduko lana egin dutela sentitzen zuen: «Tolosakoa Europako maila handienetako lehiaketa da. Guretzat amets bat da errealitate egina».

Honaino iristeko, lan handia egin dute; urtebete inguru eman dute espresuki txapelketa hau prestatzen, bazekitelako erronka handia izanen zela eurentzat. Atzoko saioan saridun guztiak atera ziren kantatzera eta Gonzalezek gustura aditu zituen bertze abesbatzak. «Lehenengo saria eskuratu dutenak, adibidez, ikaragarri egon dira. Bertan egon behar da sinesteko». Mundu osotik jasotzen ari ziren zorionak eta euskaldunek ere halako lehiaketa bat etxean izateak duen balioaz konturatzea nahi duela adierazita agurtu gintuen. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo