GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

«Futbola dagoen bezala, zaila da talde batean bi urte baino gehiago egitea»

p034_f01-199x124.jpg

Mikel Pagola

Futbol atezaina

Mikel Pagola atezain iruindarrak 30 urte beteko ditu datorren martxoan. Osasunan hezi zen, eta handik kanpo Ponferradinan, bi etapa ezberdinetan, Burgosen, Badalonan, Guijuelon, Salamancan, Alavesen, Badajozen eta Linensen aritu da. Azken talde horretan ari da jokatzen denboraldi honetan, Bigarren B Mailan. Eskarmentu handikoa da, baita maila onekoa ere. Ez du behin ere eskaintza faltarik izaten.

Jon LEUNDA

Mikel Pagolarentzat denboraldi paregabea izaten ari da aurtengoa. Linenseren hamaikakoan ezinbestekoa da, eta taldea lehen postuetan dago. Nafarrari dena primeran doakio.

Nolatan pasatu dituzu horrenbeste talde?

Galdera hori askok egin didate. Zenbait taldetara joaterako garaian ere zalantza egiten dute nire aurrekariak ikusita, baina horren atzetik ez dago ezer arrarorik. Gaur egun futbola dagoen bezala ia ezinezkoa da talde batean urte bat edo bi baino gehiago pasatzea. Inork ez du kontratu luzerik egin nahi. Gero, denboraldi ona egiten baduzu, eskaintzak izaten dituzu; txarra egiten baduzu, berriz, taldeak berak ez zaitu nahi. Horixe da gertatzen dena, ez beste ezer.

Aurtengo eskaintzarik onena Linense taldearena izan al da?

Bai. Euskal Herritik ere izan dut bakarren bat, baina Linense izan da nire alde apusturik handiena egin duena, eta hori oso garrantzitsua da, niretzat behintzat bai, eta ez naiz damutzen.

Kobratzeko arazorik ba al duzue?

Batere ez, eta hori oso garrantzitsua da. Hilabetearen hasieran dagokiguna kobratzen dugu, eta horrek lasaitasun handia ematen du futbolean aritzeko.

Izan al duzu gainerako taldeetan kobratzeko arazorik?

Ez. Alde horretatik sekulako zortea izan dut. Talde askotatik pasatu naiz, baina behin ere ez dut arazorik izan. Azken batean nik zorte handia izan dudala pentsatzen dut. Lankide asko ezagutzen ditut arazo handiekin, eta hori oso latza izaten da.

Futbolean aritzeko nolakoa da La Linea de la Concepción?

Oso ona. Zelai handia dauka, eta giroa sekulakoa da. Etorri aurretik Andaluziako Real Madrid hau zela esaten zidaten, baina ez nien sinesten. Orain ikusi dut horrela dela. Denak erotuta daude futbol taldearekin. Jende asko izaten dugu partidetan, Cadizen aurkakoan esaterako, Lehen Mailako sarrera izan genuen, 10.000 lagun ingururekin. Kalean, ikusi orduko, jende guztia hurbiltzen da guregana. Ongi egin badugu zoriontzeko, eta, gaizki egin badugu, kritikak egiteko. Oso polita da.

Bigarren Mailarako igoera fasea jokatzea al da zuen helburua?

Ez. Taldea aurten igo da Hirugarren Mailatik, eta mailari eustea da helburua. Taldea ongi dago, proiektua oso ona da, eta ikusiko dugu zer gertatzen den. Alde horretatik ez daukagu presiorik. Lehenengo mailari eusteko adina puntu lortu behar ditugu, eta gero ikusiko dugu.

Titular izateak ere lagunduko du gustura egoten, ezta?

Bai, dudarik gabe. Partida bat ez beste guztiak jokatu ditut. Aritu ez nintzen hartan min hartuta nengoen, eta horregatik ezin izan nuen jokatu. Zuregan konfiantza dutela ikusteak asko laguntzen du.

Etxera itzultzeko asmorik bai?

Urtero izaten dut Euskal Herriko talderen baten eskaintza, baina azkenean futbolari profesionalak gara. Beti ederragoa da etxean aritzea, baina futboletik bizi nahi baldin baduzu, prest egon behar duzu etxetik aparte bizitzeko. Ni gustura nago, nahi dudana egiten ari bainaiz eta leku asko ezagutu baititut.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo