Josu Jimenez Maia Idazlea
Geure lurrean, atzerritar
Lagun bat daukat, Nafarroa Beherean sortua eta Hegoaldera bizitzera etorria. Lagun euskaldun honek hemen bizi eta lan egiten du. Bo, hobeki erranik, lan egiten zuen, krisia dela kausa langabezian gelditu berri baita.
Langabezian gelditu denez gero, Nafarroako Enplegu Zerbitzura jo du. Zorionez, afixak-eta euskaraz ere badaude bulegoan, eta orduan ez du arazorik izan langabe berrien ilara aurkitzeko. Gainera, zortea izan du, leihatilan zegoen administraria euskalduna baitzen. Administrariak egin beharreko prozedura azaldu dio, euskaraz, txukun. Baina lagun baxenafarraren datuak betetzeko orduan, ustekabea: lagun baxenafarrari ez dagokio inprimaki hori betetzea, bertze bat baizik, atzerritarra delako, «frantsesa» alegia. Hori guztia esaten ari zaiona, gainera, euskalduna ere bada, euskaraz ari zaio mintzatzen, biziki larriturik. Lagun baxenafarrak beste inprimaki bat bete behar izan du, «atzerritarrentzako» dokumentu bat.
Gertaera bitxia izateaz landa, lagun horren egoera eskizofrenikoa da, eta errealitate gordinaren adierazgarri ere bada: euskaldunok geure lurrean, arrotz, geure lurrean atzerritar.
2012ko ekainaren 16an Iruñean eginen den martxa nazionala iragartzeko prentsaurrekoan, Patxi Abasokok, 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimeneko eledunak, argi esan zuen: duela bost mendeko gertakizunak urruneko kontuak direla pentsa liteke, baina konkistaren ondorioak oraindik ari gara pairatzen. Adibidez, mugaz bestaldeko nafarrak atzerritartzat hartzea Nafarroan bertan.
Manex Erdozainzi-Etxart olerkari baxenafarrak idatzitako Nafarroari poema irekian irakurtzen ahal da: «Gure etsaiak/ Gure kanpoko etsaiak/ Espainol eta Frantsesak/ Gure Herri barruko etsaiak/ Espainol eta Frantsesen/ Morroi esku-makilak/ Gure Herri hau/ Madarikatu zutenak/ Gure kanpo-barneko etsaiak/ Gure etsai izaten/ Iraunen dute zerbait gisaz: / Portaera hau/ Salatu behar dugu/ Urbi et Orbi !»
Duela 500 urteko Albako dukearen tropek, odol eta gar, Nafarroa Garaia konkistatu zuten. 500 urte igaro eta gero, nafar batzuk atzerritartzat hartzen dituzte Iruñean, frantsesek alde honetako nafarrok atzerritartzat hartzen gaituzten bezalatsu Donibane Garazin. Eta oraingo Albako dukesa agertzen zaigu telebistan, guri begira ezkontzen ari delarik irribarretsu. Guri egiten digu irri, ez dezagun ahantzi.