Joseba Otano Villanueva Administrazioan Euskaraz Taldea
Osasunbidearen baremo berrietan, euskarari mesederik ez
Administrazioan Euskaraz taldeak Osasunbideak onartutako baremo berriak salatu nahi ditu. 2011ko urriaren 7an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako 110 eta 111/2011 Foru Dekretuetan agertzen dira.
Funtsean, 55/2009 Foru Dekretua Osasunbidean aplikatzeko baremo berriak dira. Hau da, eremu mistoan baremoaren %3 puntuatuko du euskarak eta eremu euskaldunean, baremoaren %6.
Horrekin, guztiz desagertzen da euskara Osasunbidean beste alorretan baino gehiago aintzat hartzearena. Paradoxa da, baina dekretu batean epaileek baliogabetutako artikuluekin (euskararen izaera lausotzen zutelako, Europako hizkuntzekin parekatzeagatik) euskara gehiago baloratzen zen baremo berriarekin baino.
Eremu mistoan orain gutxiago baloratzen da A mailan sartzeko (deialdiko puntu guztien %1,70etik %1,10era) eta gainontzeko mailetara sartzeko ere bai (deialdiko puntu guztien %4,37tik %2,91ra), beti portzentaje txikien barruan. Eremu euskaldunean zertxobait hobetu dira portzentajeak, baina ezer esanguratsurik ez.
Bitartean, Europako hizkuntza batzuk (frantsesa, ingelesa eta alemana) baremo berriarekin gehiago baloratzen dira bai eremu mistoan bai eremu euskaldunean, beste alorretan ingelesak jaso duen bultzadaren heinera iritsi gabe bada ere.
Administrazioan Euskaraz Taldeak salatu nahi du Osasunbidearen jokaera, puntuazio horiekin euskaldunok behar bezala jasoak izatea ezinezkoa delako.