GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Ezinbesteko elkarrizketari oztopoak jarri nahian

Iragan igandean, Patxi Lopezek gatazka politikoaren existentzia bera ukatu zuen, eta erabakitzeko eskubidea edo marko politikoa gainditzeko nahia «obsesio partikulartzat» jo zituen. Atzo Lopezen alderdikide eta Eusko Legebiltzarreko PSE-EEko bozeramailearen txanda iritsi zen. Pastorrek, nolabait zuzendu zituen lehendakariaren hitzak, «bakoitzak bere planteamendua zilegitasunez defenditzeko garaia» helduko dela esanez; hala ere, ezin dela «lehen minututik autodeterminazio eskubideari edo alderdien mahaiari buruz hitz egin» ere esan zuen, horiek abertzaleen tesiak direla iritzita. Joko demokratikoan, ordea, tesi guztiak eztabaidatu behar dira, ez norberarenak bakarrik. Hain zuzen, horixe proposatu zion atzo ezker abertzaleak Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari, «alde anitzeko elkarrizketa sustatzeko prestasun, irekitasun eta malgutasun osoa» erakutsiz. Hori da demokrazia, arazoak elkarrekin hitz eginez konpontzea, betiere herritarren borondatea ardatz. ETAk nahi duena dela esanda elkarrizketari uko egitea, eskubide urraketak eguneroko ogia direnean marko politikoari eusteko herritarren parte esanguratsu baten ordezkariak baztertzea edo «lehen minututik» hitz egin nahi ez izatea, ordea, demokrazia bera ukatzea da. Une honetan eta herri honetan, ezinbestean ekin beharko zaion elkarrizketari oztopoak jartzea, alegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo