GARA > Idatzia > Kultura

«The Divide», gizakien galera azaltzen duen akziozko thrillerra

«Hitman» lan arrakastatsuaren ondotik, Xavier Gens zuzendari frantsesak film anitzez ere pertsonalagoa egiteko gogoa zuen, eta hala sortu zuen «The Divide». Gaur, 22.00etan, Donostiako Antzoki Zaharrean erakutsiko du, Beldurrezko Zinemaren Astearen barrenean.

p041_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

New Yorkeko etxebizitza bateko sotora heltzeko lasterketa kaotiko batekin hasten da «The Divide» filmaren istorioa. Hiria hankaz gora dago eta ez da denbora anitz igaroko dena suntsitu aitzinetik. Horregatik, Mickey eraikineko atezain paranoikoak babesleku nuklear bihurtutako sotoan sartzen saiatuko dira elkar ezagutzen ez duten zortzi hiritar. Seguru daudela dirudienean eta hondamendiaren arrazoien bila ari direla, bat-batean substantzia arriskutsuetatik babesteko arropak soinean dituzten hainbat lagun etorriko zaizkie tiroka eta borroka hasiko da.

Bertzeak bertze, Lauren German, Michael Biehn eta Milo Ventimiglia aktoreek ematen diete bizia mila borroka eta gorabeheratan parte hartuko duten pertsonaiei. Akzio eszena horiek zirela-eta, antzezleak prestatzeko arazoak izan zituztela aitortu zuen atzo zuzendariak. Batek 20 kilo galdu zituen, bertzeak 10, nahiz eta nahiko argal egon lehenagotik ere, eta horregatik elikaduran aditua den profesional batek zaindu behar izan zituen.

Sitgesen saritua

Efektu bereziengatik saritu zuten Sitgesen eta Gens harritu egin zen aitorpen horregatik, «ez dagoelako efektu berezi askorik». «Egiazkoak dira. Aktoreak horrela zeuden. Gero, zikinkeria pixka bat jarri genien, lentillak erabili genituen, makillajea... Baina naturala izan zen».

AEBetan lehenbizikoz proiektatu zutenean larritasun handia sentitzen zuten, baina aretotik atera zirenean bi telefonotatik aldi berean solasean ikusi zuten ekoizlea eta hori seinale ona zela konturatu ziren. Ross M. Dinerstein eta Darryn Welch dira produktoreak.

«Ez nuen film fantastiko bat egin nahi, drama bat baizik, gizakien galera azalduko zuena. Pertsonaiak pixkaka-pixkaka nola hondatzen diren eta gizartea faxista nola bihurtzen den agertu nahi nuen», adierazi zuen. Asmoa Evaren, apokalipsitik bizirik ateratzen den pertsona bakarraren, borroka erakustea zen. «Bizirik atera da, baina, aldi berean, berak ere bere gizatasuna galdu du». Hondamendiaren kontakizunean, keinu bat egiten dio Carpenterri eta berarekin bat egiten du forman. Gaietan, aldiz, Passoliniren eragina sumatzen da.

Beldurrezko zinema gosez den publikoa thriller psikologiko batekin zapuztuko den galdetuta, balitekeela erantzun zuen, berarentzat ere ezustea izan baita zirkuitu honetan sartzea.

Ordezko hortzekin ere espiritu ganberroari eusteko asmoz

«2000 maniacos» fanzinea aproposa da komunean irakurtzeko. «Ez duzu ordenagailua eramango! Egia da iPadak badaudela, baina 2012an horiek denek funtzionatzeari uzten diotenean gurea bezalako paperezko aldizkarietara itzuli beharko duzue eta orduan poztu egingo zarete patata arrastoen artean artikulu interesgarri bat topatzean». Hala abisatu zuten Manolo Valencia fanzinearen zuzendariak eta Jesus Palacios orain dela 22 urte argitalpen honekin hasi zirenetik ondoan duen kolaboratzaileak.

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak ere parte hartu du atzo aurkeztu zuten aldizkariaren ale berriaren ekoizpenean eta horregatik eskerrak emanez hasi zuten prentsaurrekoa. Izan ere, «askatasun osoa» utzi diete monografiko exotiko, basati eta kanibal honetan nahi izan duten guztia idazteko eta gauza handia deritzote horri. «`2000 maniacos' fanzinekoek ez dute dirurik, baina beste inork kaleratzen ez dituen gure lanak argitaratuz ordaintzen digute», ohartarazi zuen Palaciosek. 42. zenbaki hau historikoa ere badela nabarmendu zuen Valenciak, orain arte ez zaiolako genero exotikoari orain bezala argitalpen bat eskaini. El Abuelito, Charly Alvarez, Señor Ausente, Pedro Calleja... eta borondatez idazten duten bertze makina bat kolaboratzaile espiritu ganberroaren eta 0tzandu ezineko zinemaren zale handiak direla azaldu zuten. Bizi osoa daramate pelikula horiek ikusten eta hemendik urte anitzetara ere, ordezko hortzekin bada ere, bertze zenbaki ganberro batekin etorriko direla ziurtatu zuten. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo