GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Kontuak ala gizarteak berdindu?

Auzitan dagoena ez da kontabilitate arazo huts bat, etorkizuneko gizarteari buruzko ikuspegi bat baizik

Lehman Brothers pikutara joan zenetik hiru urte -eta krisiaren lehen erdiminak nabaritzen hasi ginenetik lau- igaro direnean, egiaztapen funtsezko batzuk bederen egin daitezke, honelako krisi garaiek berezkoa duten zalantzagarritasunari iskin eginda. Lehenengoa eta nabarmenena: hau luze doala; hots, igarotakoa adina geratzen zaigula pasatzeke, gutxienez, adituen (?) aurreikuspenetan eta denon irudipenean errotzen ari denez. 2016 baino lehen ez direla berreskuratuko 2007ko enplegu mailak, iragarri du arestian horretarako kobratzen duen erakunde batek. Eta mundu-parte zabal batez ariko zen gainera, ez hemengo edozein txoko ilunez. Lasciate ogne speranza, voi ch'entrate... beraz.

Bigarrena asaldagarriagoa egin behar litzaiguke, hala ere: aurreko mende herenean Mendebalde kapitalistan sagaratutako eredu sozioekonomikoa -ezbairik gabe krisira eraman gaituzten faktoreen sorburuan egon dena- apaltzen ez baizik areagotzen ari da. Sutea eragin duen piromanoari erregai eta pospolo gehiago, eta eskupekoa, ematen ari garela, alegia. Frogabide nekosoagoetan sartu gabe, oraintxe bertako pare bat adibide aski izango dira auzia ulertzeko. Erresuma Batuko herritarrek harriduraz (eta sindikatuek amorruz) jakin dute FTSE 100eko elkargoen agintari gorenek, hau da, kapitalaren nagusi gorenek, aurreko urtean baino %40 gehiago irabazi zutela iaz; 4.415.000na euro bataz beste. Ez da salbuespena, inondik inora: ia egun berean jakin dugu azken bost urte hauetan Espainian nagusiki lanaren ordainetatik bizi diren etxeetako gastua %3,5 jaitsi dela, nagusiki kapital-mozkinetatik bizi direnetakoa %16,7 igo den bitartean. Gehienentzat murrizketa eta estutasunezko garai hauetan luxuzko produktuen salmenten garraldiak ezin argiago islatzen duen egitatea, alegia: krisiarekin, diru-sarreren desberdintasuna murrizten ez baizik areagotzen ari dela, iragan hamarkadetako dinamika gaiztoa areagotuz.

Hirugarren Bide zaharraren katoi ostenduak indarberritu eta aberatsak aberatsago bihurtzea ez dela arazoa (ber)sinetsi behar bagenu, aldez aurretik egiaztatu beharko genuke haren abiapuntuzko axioma: pobreak pobreago bihurtzearen zioa, hain zuzen, ez datzala horretan bertan. Intuizioak -eta edonongo iraganak- kontra-kontrakoa dio, ordea: bakan batzuek asko edukitzearen ifrentzua besterik ez dela beste askok gutxi edo deusik ez edukitzea. Desberdintasuna, ezinbestez, erlatiboa delako. Aberastasuna eta pobrezia bezalaxe.

Gauzak horrela, Vicenç Navarroren hitzekin topo egiten du batek: «Mozkinen eta jabegoen kontzentrazioa hain goraino iritsi da, ezen kontzentrazio hori gutxitzea izan beharko litzatekeen politika birbanatzaileen helburua». Zerga politikatik hasita, gaineratuko nioke nik. Baina ez, askotan dirudien bezala, «kontu publikoak berdintzeko», gizarte berdinagoak eraikitzeko baizik. Auzitan dagoena ez baita kontabilitate arazo huts bat, etorkizuneko gizarteari buruzko ikuspegi bat baizik. Eta gizarte eraikuntza horrek huts egiten badu, urkamendiak eraiki beharko dira azkenean, duela 220 urte bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo