GARA > Idatzia > Kultura

Etorkizuneko argazkilarien begiradei irekitako leihoa

Egiako PhotoGune espazio berrian zabaldutako «Starter» erakusketa pizgarri bat izatea nahi dute argazkilari gazteei laguntzeko eta oraindik beren lanak jendaurrean azaltzerik izan ez dutenei aukera hori emateko. Gipuzkoako hamar artista elkartu dira proiektu honetan eta bakoitzak bere errealitate hurbilena islatu du, bere estiloan eta nahi izan duen bezala. Aniztasun hori da, hain zuzen ere, lehendabiziko leiho honen aberastasunik handiena.

p048_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

PhotoGunera sartu eta era guztietako argazkiak ikusi ditugu hormetan: analogikoak, digitalak, plaketako makina zaharrekin eginak, koloretakoak zein zuri-beltzak. Gibeleko aldean kokatutako tailer-laborategian, aldiz, argazkilari gazteak ping-pongean ari dira dibertitzen, tailer-laborategi honetako txakur zuri-beltza begira-begira dutela. Gipuzkoako hainbat txokotatik etorritako artistak dira: bat Oñatikoa, bertzea Pasai Donibanekoa, bertzea Bergarakoa... PhotoGune bera eta argazkilari izateko duten irrika bizia dira euren elkargunea.

Donostiako Egia auzoan (Aldakonea, 6) kokatutako espazio hau berria da; ez, ordea, honen atzean dagoen bultzatzailea, Jose Cabezudo gazte hauen guztien irakaslea. Alberto Shomer, Cristina Garcia-Rodero, Alberto Garcia-Alix eta bertze izen handiko argazkilari batzuekin urte luzez lan egina da Cabezudo argazki laborategiko teknikari gisa, eta argazkizale euskaldunek adierazi digutenez, luxua da eurentzat berarengandik ikastea.

Aitortu dutenez, hasieran zalantza egin zuten erakusketarako gai zehatz bat jartzea komeni zen ala ez, baina denak hain pertsona ezberdinak izanik eta artista gisa ere hain interes eta zaletasun desberdinak izanik, ez zekiten zein ipini ere eta azkenean bakoitzak bere ikuspegia azaltzea erabaki zuten, bere ibilbidearen aurkezpen txiki bat.

Itziar Bastarrikaren sustraiak

Oñatiko gazteak, adibidez, «Sustraiak» izeneko hiru koadro txikiz osatutako saila ekarri du. «Enbrioiak deitzen diet, hazten doan lana delako. Gure lurraldeari eta identitateari buruzkoa da», agertu du. Egunero ibiltzen da kamera aldean duela eta irudiak batuz doa. Irudiotatik sortutako istorio bat da «Sustraiak». Yolanda Garciak argazki bakarra zintzilikatu du, emakume baten erretratua. «Down sindromea duten pertsonen erretratuekin sail bat egiten ari naiz eta Luisarena aukeratu dut hemen jartzeko. Niri argazki honetatik arreta gehien ematen didana bere begiradaren lasaitasuna da», kontatu digu.

Halere, berehala ohartarazi digu egileak bere argazkia azaltzea baino hobeki dela ikuslea obraren aitzinean jarri eta transmititzen diona sentitzea. Bere egitasmoak badu helburu bat, pertsona horiek duten duintasuna azaltzea, gizarteak ikusten ez duen hori (edo ikusi nahi ez duen hori) erakustea eta errealitate hori hurbiltzea.

Cabezudok ohartarazi duenez, artista hasiberriek ez dute erraza beren karrerari hasiera ematea, babesleak, interesa eta beren burua ezagutarazteko aukerak falta direlako, eta hain neketsua izan daitekeen aurreneko urrats hori ematen laguntzea da, hain zuzen ere, ekimen honekin egin nahi dutena. Lehendabiziko ate edo leiho bat irekitzea izan da erakusketa hau irekitzeko arrazoia, jendeak gazteek zer indar duten eta zein gauza interesgarriak egiten ari diren jakitea, eta hagitz kontent daude izaten ari diren harrerarekin.

Ostiraleko inaugurazio ekitaldian, adibidez, sekulako jendetza bildu zen. «Eta ez jarri genituen pintxo goxoengatik soilik», argitu zuten umorez. Etorritakoak argazkiei begira eta interes handiarekin ikusi zituzten, pintxoez ahantzita ia. Artisten senideak etorri ziren, lagunak, herritarrak, argazkilariak, kazetariak...

Argazkilaritza biziaren isla da eta bakoitzaren ikuspegia erakusten du. PhotoGuneko arduradunek azaldu dutenez, gazte hauek kameraren bidez ikusten dute bizia eta gero modu «genialean» agertzen dute euren lanetan. «Asko izango dute esateko etorkizunean eta euren arrastoari jarraitzea komenigarria da, badaezpada ere», abisatu zuten.

Tailerra, laborategia eta erakusketa barrenean hartzen dituen espazio hau topaleku izateko jaio zen, argazkilaritzaren inguruko jende guztiaren topaleku: ikasleena, profesionalena, zaleena... Cabezudo Madrilen aritu da lanean denbora luzean eta Donostiara etorri eta segituan ireki du PhotoGune. Ikasleen bidez izan du irakasleak Euskal Herriarekin harreman profesionala eta nor egokiagoa eurak baino gune honetan lanean hasteko.

«Garrantzitsua da zure obra zintzilik ikustea, pizgarria. Argazkilaritzarena merkatu gogorra da, beste edozein bezain gogorra eta borroka horretan segitzeko indarra ematen du jendeak zure lana ikusteak, bere iritzia emateak eta komunikabideetan ere txoko bat lortzeak», nabarmendu du liburu eta publizitate kanpaina ugaritako irudi ezagunak egin dituen laborategi teknikariak. Halako ekimenek jendearekin hartu-emana izateko eta hartu-eman hori sentitzeko balio dute.

«Duela sei-zazpi hilabete Donostiara iritsi nintzenean, argazkilaritzaren inguruan mugimendu handia zegoela konturatu nintzen, bai maila profesionalean bai zaleenean. Batez ere zaleen artean kalitate ikaragarriko jende asko zegoela ikusi nuen eta horrek txipa aldatzeko eta orain arte nuen gauzak ikusteko era industrial hori aldatzeko balio izan dit», kontatu du.

Ipar Euskal Herria eredu

PhotoGuneko kideek Ipar Euskal Herria jarri dute eredu eta bertako herrietan astebururo antolatzen diren argazki erakusketak ekarri dituzte gogora. «Ez Iparraldean soilik, Frantzian eta Europako beste herri batzuetan ere sumatzen den espiritu horretan parte hartu nahi dugu». Horretarako, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako adin bereko argazkilari gazteekin jarri nahi dituzte harremanetan ikasleak, zer lanekin dabiltzan jakiteko eta esperientziak eta egiteko moduak trukatzeko.

Erakusketa hau osatu duten artista guztiek nahi dute argazkilaritza bizibide hartu, «eta Europan ez da hemen bezain harrigarria hori». Dena den, Cabezudori harrigarria iruditu zitzaion hemengo mugimendua eta halako taldeak oinarrizkoak direla deritzo.

Talde honetako bertze kide batek, Nekane Lazkanok, kontatu digunez, buruko paralisia duten pertsonekin proiektu bat egiten ari da, baina Bergarako Udalaren baimen bat behar du erakusketa egiteko eta bitartean gordeta ditu lan horiek. «Starter» erakusketara bertzelako obra bat ekarri du. «Neska baten erretratua da, Izarrena. Hau familiakoa da. Beti lagunei edo inguruko jendeari egiten dizkiot argazkiak, bestela ez baita berdina niretzat», azaldu digu. Izarrek aktore munduan sartu nahi du, Nekanek argazkilaritzarenean, eta lan hau elkarri laguntzeko modu bat da.

«My way to self-reliance» izena du Irati Aguadoren argazkiak. «Autoindependentziarako bidea esan nahi du. Nahiko proiektu pertsonala da. Zuri-beltzean egin ohi dut lana eta oraingoan beste zerbait egin nahi izan dut, nik ere gauza ezberdinak egiten badakidala erakusteko. Filosofikoa da eta arreta ematen du oinatzen erliebeak», agertu du. Fuerteventurako hondartza batean egin zuen argazkia eta segur aski argazkilari guztiek noiz edo noiz jasotako irudi bat aukeratu zuen: oinatzak hondarretan. Irudi erabat originala lortu du, ordea, PhotoGuneko bisitariak harritzen dituena.

«Analogikoa niretzat oso inportantea da, zuri-beltzeko munduan sartuta nago bete-betean eta aldatzea kosta egiten zait. Hala ere, hasi naiz kolorea sartzen nire bizitzan ere eta gauza interesgarriak ateratzen dira koloretan ere».

Olatz Iblis-en «Marina» moda argazkia da, pasarela batean ateratakoa. Blogari bati esker, Cibelesen, London Fashion Week-en eta bertze pasarela ugaritan sartzeko aukera duela agertu digu moda argazkilaritza maite duen artistak. Top model espainiar honen izena Marina da, baina denek «titiarena» deitzen diotela ohartarazi du erdi barrez, bular bat bistan duelako.

Jendea hagitz gustura hartzen ari omen da eskaintza zabal hau. Gainera, parte-hartzaileek nabarmendu dutenez, gauzarik onena da hau ez dela lehendabiziko leihoa bertzerik.

10 ARTISTA, 11 GAI

Alberto Domingo, Beñat Maiz, Dani Garcia, Iñigo Royo, Irati Aguado, Itziar Bastarrika, Nekane Lazkano, Olatz Iblis, Paula y Paoletta eta Yolanda Garcia artistek beren lanak jarri dituzte PhotoGunen ikusgai eta salgai.

Fitxa

Lekua: PhotoGune (Aldakonea 6, Egia, Donostia).

Ordua: Egunero, 16.30etik 20.00etara.

Data: Azaroaren 18ra arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo