GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Juan Luis Mugertza Idazlea

Ilusioa (dagoeneko) sobrean

Juanitak gau-mahaitxoan du botoa, eta noiz edo noiz, zeharretara begiratzen dio, eta bizipoz horrek laguntzen dio hobeto lo egiten

Nagusien egoitzan dago Juanita erlojuari begira, luze eginda. Gaur ere, egunero bezala, arratsaldeko bostetan bere ahizpa Nieves etorriko zaio, eta buelta bat ematera joango dira, kaleko botika barrukoa baino eraginkorragoa baita. Gainera, egoitzan, behin bazkaldu ostean, ez dago mugimendu handirik, eta zer edo zer mugitzen bada kamera geldian higitzen da. Juanitak ez daki hartutako pilulak, tantak edo... ez ote diren izango, baina oso ohikoa da egoitzan begi bat zabalik eta bestea itxita telebistaren aurrean lo-kuluxka egitea, telebistaren urruma entzutea; eta Juanitak aukeran nahiago du telebista itzali, eta irudimena piztu. Juanitak nahigo du mingainari eragin; jendea aurrez aurrez ikusiz gero badakizu noiz egoten diren pozik edota goibel, baina telebistan, ez; gainera, telebista hotza da, eta gezurtia.

Horregatik, egoten da itxaroten ahizpari kalera joateko, eta Lanbroa tabernara ez baldin bada, herriko plazara joango dira, poliki-poliki, Nieves atzean, eta Juanita aurrean, gurpil-aulkian. Gero, Bitxorirenean esnea eskatuko du eztarrian trabatutako gaileta bultzatzeko, eta urliaz ez bada, sendiaz arituko dira, Juanitari herritarren gaineko informazioa bertatik bertara izatea gustatzen baitzaio. Gainera, orain badaki laster hauteskundeak izango direla, eta irrikan dago horren gainean berba egiteko. Halarik ere, Juanita kezkatuta dago, oraingoan ezin izango baitu botorik eman. Bere ustez, errua herriko notarioak izan zuen. Batean zer edo zer galdetzera etorri zitzaion egoitzara, eta nahikoa nahastuta ibili zen, antza: «Urduri jarri nintzan, barren!», oraindik esaten dio penatuta Nievesi. «Hori einda dao; oain ez eman bueltarik».

Beste batean, Aldundiko medikua ere etorri zitzaion, eta honek ere galdera asko egin zion, baina ordurako oso ondo prestatu zuen esan beharrekoa, eta galdetzean lehendakari nor aukeratuko zuen, oso garbi esan zion: «Hori galdetzea ere! Otegi». Gauza gehiago ere galdetu omen zion, baita txukun erantzun ere: «Gu umeak ginela...».

Eta orduan kontatu zion ahizpa biak Busturian izan zirela, eta handik faxistek Gernika nola bonbardatu zuten ikusi zutela. Gero, handik alde egin, Santillana del Marrera joan, eta Frantziara eraman zituztela: «Oaindik gogoan jonat bertako eskolan geundela hegazkinaren zarata entzutean nola ezkutatzen giñuan idatz mahaiaren azpixan». Hori eta gauza gehiago ere esan zion Aldundiko medikuari, baina honek ez zuen hartu aintzat Juanitaren curriculuma, eta ezgaitasuna eman zion. Beraz, ezin izango du botoa eman, eta Juanitak ezin du ulertu hori.

Halarik ere, oraindik badu itxaropen txikia botoa emateko; horregatik, behin eta berriro gogorazten dio ahizpari, badaezpada, azaroaren 20an botoa ematera eramateko: «Guk ez dugu ikusiko, baina gure txikiek bai; eta zenbat eta boto gehiago Amaiurri eman hobe, ezta?».

Juanitak gau-mahaitxoan du botoa, eta noiz edo noiz, zeharretara begiratzen dio, eta bizipoz horrek laguntzen dio hobeto lo egiten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo