GARA > Idatzia > Kultura

«Hitzezko txalupak», harreman estu baten paperezko euskarria

«Sagarren denbora» dokumentalak piztu zuen Alfonso Etxegarai protagonistaren eta Josu Martinez zuzendariaren arteko adiskidetasuna. Hala, iazko ikasturtean zehar elkarri bidalitako gutunak bildu ditu Elkarrek «Hitzezko txalupak» liburu berrian.

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Liburu berezia dela esan zuen atzo egindako aurkezpen saioan Xabier Mendiguren Elizegi Elkar argitaletxeko editoreak. Izan ere, «Hitzezko txalupak. Euskal Herria. Sao Tome gutunak, 2010-2011» (Elkar) liburua gutun bilduma bat da, Josu Martinez zinemagileak eta Alfonso Etxegarai erbesteratuak elkarri idatzitako gutunak, batzuk euskaraz, besteak gazteleraz; batzuk Euskal Herritik bidaliak, besteak Sao Tome eta Principe Afrikako uhartetik erantzunak.

Gutun hauen abiapuntua Euskadi Irratian «Arratsean» saioan Martinezek egiten zuen «Osabari gutuna» tartea da. «Afrikako osaba gisa adoptatu nuen, eta hamabost egunean behin gutun bat bidaltzen nion», azaldu zuen zinemagileak. Bi aste horietan gertatzen zirenak kontatzen zizkion osabari; hala, Fukushimako zentral nuklearreko krisialdia, Korrikaren ingurukoak eta beste hainbat kontu azaltzen zizkion Alfonso Etxegarairi, afrikar osabari. Gutun horiek Etxegarairi benetan bidaltzea otu zitzaion orduan Martinezi.

Beste aldean, osabak Afrikatik erantzuten zion; ez zen irratsaiorako materiala, bere lagunaren kontakizunei erantzuten zien soilik. «Hamabost egunean behin idatzi behar nion derrigorrez, eta berak nire bi gutun jarraian ez edukitzeko, berak ere erantzun beharra zuela ikusten zuen», esan zuen Martinezek.

Errealitate hutsa

Gutunak bidali zituzten bezala bildu dira «Hitzezko txalupak. Euskal Herria. Sao Tome gutunak, 2010-2011» liburuan, soilik erratak zuzenduta. «Ortografia erratak zuzendu dira eta polita geratu da», baieztatu zuen Martinezek.

«Gutun hauetan ez duzue metaforarik topatuko, atera ziren modukoak dira. Pertsonalak dira, edonork idatz zitzakeenak. Biluzi gara, baina kuleroak gorde ditugu», esan zuen txantxetan zinema zuzendari bilbotarrak.

Berarekin batera Kristiane Etxaluz izan zen Donostian, Alfonso Etxegarairen adiskidea. Etxaluzek Etxegarairen ikuspuntua eman zuen, hark ez baitu erbestetik itzultzerik. «Gutun bat jasotzen zuenean astebete pasatzen zuen erantzuna mamitzen. Bat-bateko hitzak dira, baina luze hausnartuak», azaldu zuen. «Ez dira argitaratzeko idatziak izan, mintzatzeko manera bat da, itxurakeria izpirik gabe idatziak», gehitu zuen.

Martinez eta Etxegarairen arteko adiskidetasunak azken honentzat onura izan dela ere azaldu zuen Etxaluzek. «Dena aldatu da bere bizitzan. Gudari zahar bat dela ikusi du eta konturatu da gudari zaharrek ere bere lekua dutela, eta `modaz kanpo' dagoela ere onartu du. (...) Bere mundu-ikuskeran belaunaldi sakrifikatu gisa ikusten du berea» esan zuen.

HARREMAN ESTUA

Euskal Herrian eta munduan zehar gertatutakoak kontatzen dizkiote elkarri gutun bidez Josu Martinez zinema zuzendariak eta Alfonso Etxegaraik. Gutun horiek guztiak «Hitzezko txalupak. Euskal Herria. Sao Tome gutunak, 2010-2011» liburuan bildu dituzte.

Fitxa

Izenburua: Hitzezko txalupak. Euskal Herria. Sao Tome gutunak, 2010-2011.

Egileak: Josu Martinez eta Alfonso Etxegarai.

Argitaletxea: Elkar.

Bilduma: Lekuko 13.

Salneurria: 13,50 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo