«Oroimenak erretzen» lanarekin, Leihotikan-ek atzera begiratu du aurrera jotzeko
Maider IANTZI | DONOSTIA
Gorka, Patxi, Titi eta Aitor Iruñerriko kideek osatutako Leihotikan taldeak 18 urte bete ditu eta ospatzeko, «Oroimenak erretzen» bilduma berezia atera du Gor diskoetxearekin. Berezia da zaleek aukeratutako kantak biltzen dituelako, baita bitxikeriak eta topatzeko zailak diren maketetako kantak ere. «Baliteke», «Munduaren leihoa», «Zure soineko urdina», «Nafarroa»... 25 kanta jaso dituzte guztira.
Patxi Goñi Gor-eko ordezkariak atzoko aurkezpenean azaldu zuenez, jarraitzaile fidelak ditu Leihotikan-ek, eta horiengana jotzea erabaki zuten bilduma hau osatzen hasi zirenean. Orain arteko lau diskoetako abestien artean gehien gustatzen zitzaizkienak bozkatzeko eskatu zieten posta elektronikoz. Bestalde, 1996ko maketako kantu batzuk erantsi dituzte, hainbat kolektibok eta irratik argitaratu zituzten disko bildumetako kantak, eta lan bereziak. Sanferminetako kanta bat eta HHH HC talde kataluniarra omentzeko sortutako bertze bat berreskuratu dituzte, esate baterako. «Hard corea, punk rocka da gure estiloa, nahiko finkoa, baina denetarik dago diskoan: atmosfera iluneko kantak, melodikoak, pantxangeroak...», adierazi zuen Gorka Armendariz abeslariak.
«Oroimenak erretzen» bildumaren helburua gibelera begiratzea izan da aitzinera jotzeko, eta nahiz eta lan erritmoa jaitsi Leihotikan ez dela joan eta aurki berriro martxan jarriko direla aldarrikatzea ere bai. Iragarri zutenez, Hatortxu Rocken joko dute datorren urtarrilaren 7an eta disko berria prestatzen hasiko dira.