Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria
Iban
Iban ez dut ezagutzen. Ez dut adiskidea. Ez dugu elkarrekin egoteko aukera askorik eduki. Entzuna dut haren izena, haren ibilbidea apur bat jarraitu dut, arreta gehiegi jarri gabe, egia esateko. Iban idazlea baita. Idazten duen idazlea. Guztiok pixka bat ezagutzen dugun eta batzuetan komunikabideetan agertzen den horietakoa. Zergatik ote, hain informazio lausoa edukita, etxekoa egiten zaidala kasik? Nondik dator, askotan, ohartu gabe, alboan eduki dudalako sentsazio hau?
Beno, ez pentsa, ez dago misterio handirik, aski izan dut haren «Biodiskografiak» (Erein 2011) ipuin liburua irakurtzea. 38 disko, 38 ipuin. Ulertuko duzue, norbaitek bere diskografia kutunena publiko egiteak, ipuin sorta baten aitzakian izanda ere, neu bezalako kuxkuxeroen arreta osoa jasotzea. Hain gauza intimoa izan daiteke. Interesa miresmen bilakatu da, diskoen zerrenda errepasatu eta gero. Ipuinek ez al dute, bada, idazleaz gehiago esaten, ipuinaren soinu bandak baino? Agian bai, baina neu musikazalea naiz, adikzioaren mugan dabilen musikazalea. Beraz...
Horregatik hitz egin nahi dut Ibani buruz. Kategoriako pop ingeles zalea delako. Dandy ukitua du. Pop zalea, baina alde batera utzi gabe barrunbe emozionalak. Musika beltz sofistikatua ere maite duela dirudi, zurien bertsio duinetan bada ere. Eta rocka izan dadila oso korapilatsua edota arnasa hartzea bezain naturala. Baina erraztasunik ez. Mesedez. Xapeau. Dena dela, ez dira horiek Ibanez aritzeko arrazoi nagusiak. Genesis eta Jethro Tull aipatu izanak hunkitu nau gehien. Neuri urteak, pazientzia eta psikologo bat edo beste kostatu zait hori. Baina, azkenean, lotsatu gabe esan dezaket, neuk «The Lamb Lies On The Broadway» maite dut, eta orain badakit, horrek ez nau munstro bihurtzen.