Negu latza espero da pobreziak gora eta laguntzek behera egin duten garaian
Beharrean den jendeari laguntzeaz arduratzen da Secours Catholique, eta pobreziaren ondorioak batez ere gazte eta emakumeek islatzen dituztela nabarmendu du. Eskaerak gora egingo duela aurreikusi dute.
Idoia ERASO | BAIONA
Neguak ekartzen duen hotzari aurre egiteko plana abiatzear den garai honetan, beharrean den jendea laguntzen aritzen diren elkarteek joan den urteko datuak ezagutzera eman berri dituzte, eta ez dira batere lasaigarriak, aintzat hartuta, bereziki, aurreko urteetan atzemandako eskaeraren igoera espero dela aurten ere.
Egoitza nagusia Baionan duen Secours Catholiquek joan den urtean 6.570 familia lagundu zituela nabarmendu dute; hau da, 2009an baino %7,8 gehiago. 95.000 euroko laguntza banaketa egin zuen lehen mailako beharrei aurre egiteko.
Garazi aldean zabalkunde handia duen Resto du Coeur elkarte kristauak baieztatu egin du eskaera gora egiten ari dela urteotan. Donibane Garazin kokatua den elkarteak joan den neguan 241 pertsona, edo bestela esanda, 110 familia lagundu zituen. Aurreko neguko datuekin alderatuta, %36 gehiago.
Zuberoan, Resto du Coeurrek abenduaren 1ean ireki arte «denda soziala» dute abian irailetik. Lehen paketeetan banatzen ziren produktuak, orain Maulen irekia den lokalean eskuratu daitezke. Dendaren irekierak eskaeraren handitzea ekarri duela jakinarazi zuen Jacques Herrera presidenteak: «Zoritxarrez, dendak arrakasta handia izan du, orain banaketa paketeetan egiten genuenean baino %10 gehiago ematen dugu».
Azaldutako datuen arabera, emakumeak eta gazteak dira, oro har, laguntza premia handiena dutenak. Hala ere, Secours Catholiquek Ipar Euskal Herriak berezitasun bat baduela nabarmendu zuen; izan ere, gazteen portzentajea Estatu frantsesean baino txikiagoa da. Jacques Gregoirek horren arrazoia azaltzeko honakoa adierazi zuen: «Familiaren laguntza beste toki batzuetan baino handiagoa da gure herrian».
Europako laguntzak murriztu
Europako laguntzak eskastuko direla-eta, kezka handia dute gisa honetako elkarteek. Europar Batasuneko herrialde txiroagoetara laguntza bideratze aldera, «aberatsa» den Estatu frantsesak laguntza gutxiago izango ditu. Donibane Garaziko Resto du Coeur elkartekoek nabarmendu dutenez, «laguntzak txikituko direnez, aterabidea atzeman beharko dugu». Zuberoako Jacques Herrerak ere kezka azaldu du: «Etorkizunarekiko zalantza handiak dauzkat, bereziki Europako laguntzak berriz murriztuko direlako».