Soldata merkatua, gehien dutenak mesedetzen dituen egoera larri baten isla
Hay Group aholkularitza enpresak egindako «2011ko soldata merkatua» txostenaren arabera, Hego Euskal Herrian soldatek gora egin dute. Esate baterako, «langileen eta administrarien» kasuan, %2,65; «goi zuzendaritzako kideen» soldatek, berriz, 0,72 baino ez. Langileena da igoerarik handiena, beraz; ehunekotan, jakina, goi zuzendaritzako kideen soldataren igoera txikiena ere langile baten edozein igoera baino askoz handiagoa baita zenbaki absolututan. Nolanahi ere, soldata aldagarrien igoeren artean bada alde nabarmenik: «goi zuzendaritzako kideen» soldatek %46 gora egin baitzuten eta «langileen eta administrarienek» %17,5. Batez beste, urteko 27.313 euro jasotzen dituzte langileek, eta goi zuzendaritzako kideek 154.678. Eta ez da ahaztu behar lan egiten dutenen %40k gehienez 1.000 euroko soldata dutela. Konparazioa herritar gehienek sumatzen duten egoera eskandalagarriaren isla da. Eta soldata merkatua oro har egoera ekonomiko larriaren atala da. Egoera larria langileentzat, erretiratuentzat, langabeentzat. Inoiz ez gehien dutenentzat, zerga politikaren eta «krisiari aurre egiteko» neurrien ildo beretik.