Lander GARRO Idazlea
Hortzak
Ez nintzen Kixoteren esaldi hartaz gogoratzen Milan Kunderak oroitarazi zidan arte: «Gehiago balio du haginak harribitxiak baino, hagina, behin galduta, betiko baita galtzen». Epikak intimismoari tokia egin zioneko unea izan zen hura munduko nobelagintzan, hain zuzen gerra handiez kexatzeari utzi eta geure haginez akordatzen hasi gineneko hura. Une historiko hark zer pentsatu ematen dit gaur-gaurko garaiotan; ze munduko gertakariak gertutik bizi baititugu, inoiz baino gertuagotik, Libiako sarraskia dela, Irak dela, edota talibanak direla: dena da albiste geurean. Nor kezkatzen da, ordea, geure haginez? Ze telebistan agintari horietako bat ikusten dudan bakoitzean, izan Merkel, Zapatero edo Maria Santisima, han eta hemen langabezian edota langabeziarik gabe, kalean edo erabateko txirotasunean geratutako horien hortzak baititut oroitzen: zer izan da haietaz? Ze hortzak, harribitxiak ez bezala, erori egiten dira, ez beti baina bai askotan, ez denoi baina bai askori. Hortzek sabelera eramango duguna xehatzeko balio dute: giza eskubide behar lukete! Zer da gizakia, hortzik gabe? Dirudunentzat, kirurgia zailak daude, hortzen ordezko torloju-hortz txit teknologikoak. Diru gabeentzat, ordea, munduko milioika biztanlerentzat, gehiengo handiarentzat, sasi hortz eskasak, hortzoietan gaizki eta txarto itsasten diren zera ezdeusak. Gauez erantzi eta goizean janztekoak, edonon ahantzi daitezke, une txarrenean desitsatsi eta erori. Umiliazioa dira. Egizu bidaia bat sasi-hortzekin, aurkizazu maitale berri bat... «Barka, maitea, hortzak kenduko ditut istant batez, ez izutu, unetxo bat izango da...!». Politikari bat ikusten dudan bakoitzean, haienak aliketaz banaka ateratzeko gogoak pizten zaizkit: barka apologia.