GARA > Idatzia > Kultura

Sarrionandiaren «Kartzelako poemak» liburuaren edizio berritua kaleratuko du Susak

Susa argitaletxeak klasikotzat jo daitekeen Joseba Sarrionandiaren «Kartzelako poemak» liburua berrargitaratu du, egungo garaira egokituta eta zenbait berritasun gehituta.

GARA | DONOSTIA

«Kartzelako poemak» liburua 1992an argitaratu zuen Joseba Sarrionandiak lehen aldiz, duela 19 urte, hain zuzen ere. Bost urteko espetxealdian (1980-1985) idatzitako eta ihes egin ondorengo piezak jaso zituen bertan. Horren edizio berritua aurkeztuko du Susa argitaletxeak gaur 19.00etan Donostiako Doka kafe antzokian. Argitalpen gaurkotuan idazleak gaurko grafiara aldatu ditu poema guztiak, eta sei poema gaineratu dizkio lanari.

Ohiko aurkezpen eratik ihesi, liburuaren edizio berritua aurkezteko errezitaldia egingo dute bost idazlek: Joxemari Iturraldek, Jon Benitok, Mikel Etxaburuk, Oier Guillanek eta Jose Luis Otamendik, alegia.

Emanaldia 19.00etan hasiko da. Hamar minutu inguruko aurkezpena egingo du Jose Luis Otamendik, edizio berrirako idatzi zuen hitzaurrea erabiliz. Horren ondoren, Iturraldek, Benitok, Etxaburuk, Guillanek eta, azkenik, Otamendik hiruna poema irakurriko dituzte.

Poema liburuak bi atal nagusi ditu: batetik, luzeena, «Kartzelako poemak 1980-1985» da; espetxean igarotako garaian idatzitako poemak biltzen dituena. Eta, bestetik, laburragoa den «Post-scriptum» atala, Martuteneko espetxetik ihes egitea lortu ondoren idatzitakoak, bizi zuen esperientziaren ondokoak (azken poema 1991koa da).

Azken horietako batek, «Aspaldian utzitako zelda» izenekoak, hauxe dio: Jakin nahi nuke nork betetzen duen orain/ nik utzitako zelda./ Ea endelegatzen duen hormako izkribu tipia:/ 'Eroria burrukara'./ Ea alboko zeldatik inork hots egiten dion/ komuneko plastikozko tuberia soltatuz/ telefonoz bezala mintzatzeko./ Ea hango egunak eternal dirauen, gauak izotzezko,/ egunsentiak esne garratza diren./ Ea errekuentoan mirillatik so egiten duen begiak/ surveillir et punir/ inor ikusten duen edo jadanik inor ez/ denak ala inor ez. / Jakin nahi nuke ihes egin genuenok/ benetan ihes egin genuen/ ala ihes egitearena bizitzen irauteko/ aitzakia hutsa izan zen.

Euskadi saririk ote?

Jakina denez, Sarrionandiaren azken lana, «Moroak gara behelaino artean», aurtengo Euskadi Literatura sariaren irabazle hautatu zuten urriaren 2an, baina Lakuako Gobernuak Sarrionandiaren egoera legala argitu arte sariaren dirua atxiki egingo duela adierazi zuen. Afera argitzeke dago oraindik eta hilaren 23an Gasteizen egingo den sariketa banaketan jakingo da azkenean zer gertatuko den sari horren inguruan.

23AREN ZAIN

Hilaren 23an Gasteizen ospatuko den Euskadi sarien ekitaldian jakingo da Joseba Sarrionandiak irabazitako sariarekin zer gertatuko den. Lakuak irabazleak jaso beharreko diru kopurua atxikitzea erabaki zuen, «saridunak justiziaren aurrean bere egoera erregulatu artean».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo