GARA > Idatzia > Kultura

Arabako euskararen egoera aztertuko dute gaur Jagon jardunaldietan

GARA | GASTEIZ

Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeak antolaturik, aurtengo XVI. Jagon Jardunaldiak Gasteizko Artium museoan egingo dira bihar, «Arabatik Arabara euskaraz» izenburupean. Atzo egindako prentsaurrekoan azaldu zutenez, «bertan euskarak suspertze handia izan duelako, azken 40-50 urte hauetan» antolatu dira jardunaldiak Arabari buruz. Sagrario Aleman Sustapen batzordeko buruak azaldu zuenez, Arabako euskararen bilakaera, gaurko egoera eta aurrera begirako egitasmoak aztertu nahi dituzte Arabako talde eta eragileekin batera.

26. Jagon Jardunaldiak goizez eta arratsaldez egingo dituzte. Goizeko saioan, Arabaren izaera euskalduna aitortzetik hasi -izenak izana dakar-, eta ezagutzan eta erabileran izan den bilakaera, normalizazioan herri ekimenetik egindako lana, eta gogoetarako proposatzen den diskurtsorako bidea egingo dute. «Araban aski ezagunak diren soziolinguista eta adituek eramanen gaituzte bide horretan barna», azaldu zuen Alemanek.

Arratsaldean, berriz, herrialdeko hainbat herri-erakundetako ordezkariek euskararen sustapenerako planei buruzko mahai-ingurua egingo dute. Horren ondoren, Arabaren euskal izaerari eusteko eta indartzeko abiatu berri diren egitasmoak azalduko dira. Alemanek azaldu zuenez, «proiektu hauen berri Araban lanean ari diren zenbait euskal eragilek eta taldek emanen digute. Mintzalaguna, koadrilan bertsotan, hedabideen oraina eta geroa, euskara planak aisialdian, merkataritzan eta ostalaritzan euskara sustatzeko planak izanen dituzte hizpide».

Bestetik, «Euskera» Euskaltzaindiaren agerkariari buruzko erakusketa zabalik izango da Artium museoan. Erakusketak 92 urte bete dituen Euskara Akademiaren agerkari ofizialaren ibilbidea eta edukiak ditu hizpide.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo