Floren Aoiz www.elomendia.com
Elkarbizitza arazorik?
Euskal Herriak sendagai politikoak behar ditu. Ez psikoanalisi edo elkarbizitzarako aholkuak. Geure buruaren jabe izateko gaitasuna dugu. Eta orain baino hobeto biziko gara elkarrekinAro berri hauetan, gauza batzuk aldatzen ari dira, beste batzuek lehen bezala jarraitzen dutelarik. Agerikoa da aski zaila egiten zaiela hainbati arazo politikoak politikoki gainditzen saiatzea. Bestelako irakurketak bilatzen dituzte, erronkari aurre ez egiteko. Barkamenaz mintzatzen dira, esaterako. Edo elkarbizitzaz. Aspaldiko kontakizunak berreskuratuz, zabaltzen ari dira elkarbizitza arazoak ditugula euskal herritarrok. Norekin, bada? Gure artean, jakina, eta besteekin, nola ez. Batek baino gehiagok idatzia du, kutsu zientifiko eta guzti, gurea jendartea gaixo dela, arazo psikologiko kolektiboak ditugula. Agian, psikiatrikoak, beste batzuen arabera.
Gauzak horrela, tratamendua behar dugu. Gatazkaren funtsa eta erro politikoak ezkutatuz, gure arazoa besteekin harreman normalak izateko ezintasuna da. Kontxo demontre! Eta gu, geure gaixotasunaren jatorria ezin kausituz! Eta nork erakutsi behar digu elkarbizitza normalaren eredua? Espainiak, jakina! Nork egin zezakeen hobe? Estatu espainolak ez du horrelako arazorik. Eredugarria da espainiar elkarbizitza. Garai batean espainiarrek elkarri tiro egiteko joera zuten, horregatik gerla «zibil» erraldoia izan zuten, batzuk besteak ezin irentsiz. Baina gaitza gainditu zuten, kostata bazen ere, Franco hil ondotik egin zuten trantsizio miresgarriari esker. Une eder hartan gaitzak desagertu ziren eta aurreko etsaiak anaia maitekor bilakatu ziren. Eredua hain emankorra izanda, ulergarria da mundu osoari erakusteko joera. Errepika dezaten, jakina.
Euskal Herrian trantsizio hori egin gabe daukagu, horregatik ez dakigu zer den elkarbizitza. Ez dugu argirik ikusten gure zilborrari begira jarri garelarik, irtenbidea begien aitzin izan arren.
Espainia. Hor dugu irtenbidea. Gaitz guztien sendagaia eskura dugu, zein eta espainiar errezetari jarraitzea. Hori da sinetsarazi nahi digutena. Baina espainiar eredu hori ez dago bere unerik onenean. Nekez erakutsiko digute elkarbizitza eredurik injustiziak ezkutatu, kriminalen zigorgabetasuna bermatu eta finean, diktadura baten zama gainetik kendu ezinik dabiltzanek.
Kopiatu beharreko eredutzat omen duten hori gure gaitz askoren arrazoia edo, bederen, erregaia izan da. Haien irtenbidea gure arazoa da. Euskal herritarrok ederki dakigu elkarrekin bizitzen. Bakean uztea da, hain zuzen, behar duguna. Ikasgairik ez, errespetua baizik. Eta ez erretolika sasidemokratikorik, benetako demokrazia baizik.
Euskal Herriak sendagai politikoak behar ditu. Ez psikoanalisi edo elkarbizitzarako aholkuak. Geure buruaren jabe izateko gaitasuna dugu. Eta orain baino hobeki biziko gara elkarrekin. Eta, ez al da hori elkarbizitza, elkarrekin bizitzea?
Euskal konponbideak behar ditugu, eta frantziar eta espainiar errespetua ere bai. Bi estatu hauek elkarbizitza arazo larriak dituzte Euskal Herriarekin, herri gisa onartzen eta aitortzen ez dutelako. Haiek dira menpekotasunezkoa ez den harremanik josten ez dakitenak.
Baina ez gara haien mezuaren zepoan eroriko. Haiena ez da gaixotasuna, demokraziarekiko erresistentzia baizik, maila politikoan eta ikuspegi politikoaren arabera tratatu behar dena.