GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Idoia Lekue | Donostia

Kontuz furgoneta gorriekin!

Bai, bai, halaxe da, zure bizitza furgoneta gorri batekin konpartitzea erabakitzen baduzu, jakintzazu arazo mordoa jasan beharko duzula. Azken urteotan, Poliziak geldiarazten dituen ibilgailuen inguruko ikerketa bat burutzen aritu naiz, eta ez dago zalantzarik: furgoneta gorriak garaile. Eta ez pentsatu fenomeno hau Euskal Herrian edo estatu mailan bakarrik gertatzen den zerbait denik, ez, Europa osoan den fenomeno izugarria dugu hau.

Badira urte batzuk nire hipotesia izendatu nuenetik. Europan barna genbiltzan gurea bezalako furgoneta zuten lagunekin, baina zuria, eta hara hor polizia kontrola; hara hor gure lagunek aurrera egiten dutela eta hara hor gu gelditzen gaituztela.

Hor hasi ziren nire susmoak eta hor eman nituen nire ikerketarako lehenengo pausoak. Hortik aurrera lagina handitzen joan zen eta nire hipotesia pixkanaka baieztatzen. Eta ez pentsatu edozein motako ikerketa egin dudanik; ez, nirea, ikerketa zientifikoa izan da, bai, edo gutxienez enpirikoa.

Baina gaur amaitu dut eta argi eta garbi esan dezaket nire hipotesia zuzena dela.

Banentorren lanetik etxerantz, eta hara non, auto ilara izugarria aurretik. Bat-batean, urrunean, konfunditu ezinak diren argi urdinak ikusi ditut jiraka. Ilara motel zihoan, baina azkenean iritsi da nire txanda. Gaurkoan itxaropentsu sentitzen nintzen, aurretik zihoazen hogei ibilgailu inguruk arazorik gabe pasatu baitute kontrola (bi furgoneta zuri, horien artean), ni neska bakarra izanik, dotore jantzita, gainera, lana zela eta....

Baina ez, oker nengoen, (generoak ere kapritxoso eragiten digu nahi duenean) gaurkoan ere ez. Hala, txokora! Eta ezetz asmatu zer zegoen txokoan? Ba bai, horixe, beste furgoneta gorri bat!!! Elkarri begiratu diogu beste gidariak eta nik, eta konplizitate kutsu bat sentitu dut begirada horretan.

Hori bai, nire ikerketa bukatutzat emango nuela susmatuko zuen poliziak edo, eta gaurko behaketa kategoriazkoa izan da, txakur eta guzti! Paper bat, beste bat (Non ote daukat?), hirugarrena (Zer paper ote da hori?) irten furgonetatik, maletategia ireki, ate hau ireki, bestea ireki, txakurra barrura, nire furgoneta gorri maitagarritik urrundu, pegatei begirada zorrotza bota... Zorionez, betiko hitzekin bukatu da: «puede continuar su viaje». Beraz, ez ezazue furgoneta gorririk erosi, akaso zuria... Eta are gutxiago inolako pegatarik ipini, eta ez, ez naiz pegata errebindikatiboez ari: amona mantangorri, dortoka, lorea... sorginak ekarriko ote dizkit horrenbesteko arazo? Auskalo!

Utziko al didate egunkariek eskutitz hau izengoiti batekin sinatzen? Ez nituzke arazo gehiago nahi furgoneta gorria edukitzeagatik... Eta barkatu furgoneta zuria duzuenok, ez baitaukat ezer zuen kontra, e?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo