GARA > Idatzia > Ekonomia

Prekarietatea bultzatzen dutelakoan, Haur-etxeak gelditzeko eskatu du LABek

LABek Haur-etxeak proiektua gelditzeko eskatu dio Lakuako Gobernuari, langileen prekarietatea bultzatu eta Haurreskolak partzuergoak eskaintzen duen zerbitzuari trabak jartzen dizkiola argudiatuz. Ildo horretan, partzuergorako aurrekontu handiagoa exijitu du sindikatuak.

GARA | BILBO

LABek Lakuako Gobernuko Enplegu eta Gizarte Gaietako sailak abiaturiko Haur-etxeak proiektua bertan behera uzteko eskatu zion atzo gobernu autonomikoari. Prentsa ohar baten bidez jakinarazi zutenez, komunikabideen bidez jakin dute hurrengo urtean haurrak zaintzeko hemezortzi gune berri ezarriko dituztela. Horren aurrean, proiektu honek langileen prekarietatea areagotzen duela nabarmendu zuen LABek, eta horregatik, egitasmoa gelditzeko eskaera egin zuen.

Gemma Zabaletak zuzentzen duen sailak sortutako proiektuak ondorio kaltegarriak izango dituela iritzi zuen sindikatutak. Besteak beste, Haurreskolak partzuergoak eskaintzen duen zerbitzuari eraso egiten diola adierazi zuen. Bestalde, publiko izan beharko lukeena pribatizatu egingo dutela ohartarazi zuen LABek.

Langileei dagokienez, egitasmo berrian parte hartuko duten zaintzaileek «esplotazioa» baino ez dutela jasoko adierazi zuen. Era berean, langileei eskainiko zaien formazioa eskandalutzat jo zuen. Gainera, haurrei hezkuntza euskalduna jasotzeko eskubidea urratuko zaiela ohartarazi zuen, zaintzaileak euskaraz jakitea ez baita nahitaezkoa izango.

Eskaintza unibertsala

Zabaletak zuzendutako sailak bultzatu duen proiektuaren oinarria haurrak langileen etxean zaintzea da. Zaintzaile bakoitzak gehienez lau ume izango ditu zaintzapean, eta oinarrizko ikasketak eta Lanbidek egitasmo honetarako propio sorturiko formazioa izan behar du. Soldata oinarrizkoa izango da, eta zaintzapean lau ume dituztenek 1.200 euroko soldata jasoko dute. LABek proiektua bertan behera uzteko eskatu dio Lakuari, eta zerbitzua unibertsala, euskalduna eta doakoa izan dadila.

soldata

Zaintzaileek oinarrizko ordainsaria jasoko dute, 641,40 eurokoa. Euren ardurapean lau haur edukiz gero, 1.200 euroko soldata jaso ahal izango dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo