Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Historia alternatiboa (eta II)
Chabonek, judua izanik, ezin hobeto ezagutzen ditu judu erlijio eta bizimoduaren nondik norakoak, baita hari sostengu ematearekin batera mugatu egiten duten gertakariak ere. Haietariko bat ezaguna zaigu denoi: holokaustoa. Naziek eta modu zuzen ala zeharkakoan nazien erregimenari babes eman ziotenek judu herriari egindakoa arbuiatu arren, idazleak ez du uste gertakari horrek Israelek ia bere sorrera unetik bertatik palestinarrekiko agertu duen jarrera justifikatzen duenik. Beste hainbat judu estatubatuarren antzera, uste du Israelek existitu behar badu, hasiera batean erabakitako muga geografikoetara itzuli beharko lukeela. Muga geografikoekin ez ezik, tradizioaren (erlijioa barne) interpretazio hertsiekin benetan kezkatuta dago Chabon, «The Yiddish Policemen's Union» nobelan ongi antzeman daitekeenez. Lan horretan egilea blasfemaritzat hartua izateko hamaika adibide aurki daitezke, judu jasidikoei buruz esaten dituenekin hasi eta Mesiasi buruz eskaintzen duen erretratuarekin (homosexuala izateaz gainera heroinazalea da) amaituta. Baina blasfemia horretan datza, hain zuzen, nobelaren indarra. Dena den, juduak ez dira Chabonen begirada zorrotzaren jomuga bakarra. AEBetako gobernuari buruz sekulakoak botatzen ditu. Hain zuzen, Chabonen tesia da Ekialde Hurbilean petrolioa kontrolatzeko nahiak, ez espiritu humanitarioak, eraman zituela AEBak judu sionisten plana bultzatzera. «The Yiddish Policemen's Union» lanak kapitalismoaren eta fundamentalismoaren kritika gupidagabea eskaintzen du, baina zera da interesgarriena: kritika horretatik inor ez da onik ateratzen.