GARA > Idatzia > Kultura

haur literatura

Garenak garela

p048_f01.jpg

Asun AGIRIANO

Ez dakit zer pentsatuko duten idazleek, baina badakit batzuei zaila egiten zaiela haurren liburuak idaztea, beste batzuek haur kontakizunak idazteari samur ekiten dioten bitartean, atsedenaldia hartzeko edo burua entretenitzeko dela usteari jarraituz. Irakurle naiz eta haur literatura dut atsegin, alegia, ilustrazioak dituzten liburuak aukeratu eta giro ludikoan murgiltzeko lagungarria egiten zait haur literatura. Gustuko jakiekin bezala, ondo aukeratzea da gakoa, edizioa ona eta zaindua izan dadila, baina ez diezaiogun horratik bakarrik itxurari erreparatu.

Alberdaniako Osinberde bilduman bi liburu berri kaleratu dituzte aurki, biak Maite Gurrutxagaren marrazki fin eta bitxiek jantzirik, kanpoko azaletik bertatik dotorezia nabarmena eta, barruan, bi idazle ezagunen hitzekin batera, ilustratzaile gazte honen zuri-beltzeko ukitu dotoreak. Bien artean, Juan Kruz Igerabideren «Txori txoroa» aukeratu dut autoreak haur literaturan egindako lan zabalagatik, nahiz eta askotan aintzat ez hartutako idazlea izan. Hainbat eta hainbat haur ipuin, eleberri, itzulpen egindakoa, eta, gainera, hizlari aparta dugu Igerabide, haur literatura eta hizkuntza afektiboaren arteko lotura islatzen trebe.

Liburu honetan txoriak dira protagonista, basoan jaiotako okil baten istorioa dugu. Mokoak tok-tok-tok egiten duen moduan, erritmo eta musika bereziko liburua da, hots eta soinu handikoa.

Burua arrautzatik atera orduko, txori itsusia jaio zaiela konturatuko dira gurasoak eta neba-arrebak, moko-okerra eta hanka baldarrak dituena. Okilak laster hasten dira euren erara ibiltzen, eta janari eta lagun bila ateratzen. Familiako beste txoriekin gertatzen ez dena, zurgin izateko ere balio ez duenez, okil txikia arbuiatu egingo dute. Hasi eta indartu arte, urretxindorraren konpainia izango du okil gajoak, baina familian ez da giro, egurra tailatzen zaletu da okil protagonista, eta eskultura bitxiak egiten ditu bere moko oker eta guzti, neba-arreben iseka eta erasoen artean. Azkenean, beldurrak uxatu eta beste baso batera ihes egiteko adorea bilduko du. Bidaia luze horretan ezagutuko dituen izakiek eta toki berriek bizitzan ikasten lagunduko diote, bakardadea eta zoriontasuna zer diren ezagutuko ditu, gizakien artean moldatzen eta irudimena zorrozten ikasiko du, amaieran artista osoa izan eta bere burua ondo ezagutu arte.

Liburuak tristura edo melankolia puntua du, baina gozamena da irakurtzea. Egoerak hain dira gertukoak, aurrera jarraitzeko irrika bizian uzten zaituztela. Berehala ohartuko da irakurle heldua alegia moral baten aurrean dela, izan ere, ekintza ñimiñoetatik gizakien psikologia biluztuko du idazleak, gaizkiaren eta ongiaren kontzeptuak arriskutsu bezain subjektiboak direla erakutsiz.

Elkarren segidan kateatzen dira gertaerak, maisuki harilkatuta dagoen istorioaren norabidean. Akzioa ez da garrantzitsuena, nahiz eta okilaren bidaia iniziatikoak abenturaren osagarri dituen. Garrantzitsua da irakurlea jabetuko dela gertaera eta gogoetaren arteko loturaz, osagai guztiak elkarlotzen direlako. Era berean, irakurlearen esku uzten du idazleak arbuiagarriak diren zenbait jokabide, okilenak gureak ere badirela hausnartzeko bidea zabalduz. Juan Kruzen alde idealista edo humanistarena dugu kontakizunaren barnean, baina poeta ere badela argi erakusten du, irudien pisua adierazkorra baita. Poesiaren baliabide narratiboak funtsezkoak dira narrazioan, salaketa eta barne-gogoeta euren artean. Igerabide narrazio-egile oparoa da, baina, denen gainetik, poeta handia. Hunkidura sortzeko inor gutxik duen ahalmena du J.K. Igerabidek eta kontatzen duen hori bizi eta biziarazteko ahalmena du.

Hostoak, haize zakarrak astinduta, alde batetik bestera dantzan dabiltzan udazken honetan, kontakizunak gogoeta eragiten du goxo-goxo, esaten ez dena irakurtzen dena baino askoz gehiago delako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo