«Aitaren pitokeriak», aitaren hezitzeko era maiz umorez jasan behar baitu batek
M. LARRINAGA | DONOSTIA
Guraso eta seme-alaben arteko erlazioak ez dira goxoak izaten askotan eta anekdota ugarien sorrera izaten da. Justin Halpern gidoilariak bere aitaren hainbat esaldi eta haurtzaroko gertakizunak bildu zituen iaz liburu batean. Orain, Uxue Alberdik euskarara itzuli du, eta «Aitaren pitokeriak» izenburua jarri dio.
«Maitasun istorio bat da, maitasun beltzari buruzkoa», azaldu zuen Alberdik ostegunean egin zen aurkezpen ekitaldian. Protagonistak Justin du izena eta neska-lagunarekin zuen erlazioa amaitu ostean, aitaren etxera itzultzen da. Aita mediku famatua izandakoa da, baina semea itzultzean erretiratuta dago, eta ohi baino zakarragoa da semearekin. «Justin hezten saiatzen da, baina pedagogiaren ikuspuntu berezia du aitak», azaldu zuen Alberdik. Maitasunaren oinarria onarpena denez, Justinek umorearen bidez onartuko du bere aitaren izaera berezi hori.
Alberdik azaldu zuenez, liburua itzultzeko garaian izan zuen zailtasun nagusia biraoak izan ziren. «Liburuan zehar `fuck' hitza 500 aldiz ateratzen da», eta, noski, bakoitzari zegokion esanahia ematea hitz berdina errepikatu gabe, ez zen lan erraza izan. «Ahalik eta hiztegi aberatsena sartzen saiatu naiz, baina, ahalik eta naturalen izatea saiatu naiz», esan zuen idazleak.
«Aitaren pitokeriak» liburuan azaldutakoa istorio erreala da, egileak berak Justin Halpernek aitarekin bizi izandako pasadizoen bilduma da. Hasieran, aitaren esaldiak twitterren jartzen hasi zen (esaterako, «entzun ondo: ezagutzen ez duan norbait hirekin oso atsegina baduk, hasi korrika. Inor ez duk atsegina besterik gabe. Eta inor hala baldin baduk, doala popatik hartzera») eta milaka jarraitzaile lortu zituen horrela, eta ondoren, liburu bihurtu zituen.