GARA > Idatzia > Mundua

Txileko ikasleen aurka karabineroek gehiegikeriaz jokatu dutela salatu dute

Azken hilabeteetako mobilizazioetan Poliziak izandako gehiegikeria eta errepresio jarrera salatu du Txileko Eskubide Zibilen Institutu Nazionalak, atera berri duen txostenean. Ikasleek sei hilabete damate borrokan hezkuntza sistema doako eta kalitatezko baten alde.

p022_f00-199X116.jpg

GARA | TXILE

Txileko Eskubide Zibilen Institutu Nazionalak azken hilotan izaten ari diren mobilizazio sozialetan karabineroek izan duten errepresio jarrera eta bereizkeria gabe egin dituzten gehiegikeriak salatu zituen pasa den ostegunean. Egungo politikari klasearen aurka eta hezkuntza sistema doako eta kalitatezko baten alde egiten ari dira protestak.

Txileko Eskubide Zibilen Institutuak azken hilabeteetan izandako protesta nazionalen gainean eginiko ikerketaren ondorioak jakin ostean plazaratu du salaketa. Bertan aipatzen du Txileko Poliziaren errepresioak ez duela bereizketarik egiten, eta itsu-itsuan oldartu izan dela bai era baketsuan matxinatu direnen, bai era basatiagoan egi dutenen aurka.

Horrez gain, mobilizazioetan atxilotutako gazteak garraiatzeko erabiltzen dituzten polizia autoetan ez dela inolako «kontrolik, ez gainbegiratzerik» izaten, eta ondorioz, gehiegikeria eta erasoak inpunitate osoz gertatzen direla salatzen du.

Segurtasun indar publikoek manifestazioetan izandako errepresio jarreraren ondorioz, Txilen indar publikoekiko «sinesgarritasun galera handia» eta mesfidantza zabaldu dela adierazi zuen Institutuko zuzendari Lorena Friesek.

Jendarteratzeaz gain, Txileko karabineroen zuzendari Gustavo Gonzalez jeneralari ere helarazi diote txostena. Gonzalezek behin eta berriz justifikatu du manifestazio sozialen aurka erabiltzen ari diren indarkeria, «ordena berrezartzeko» balio duela argudiatuz.

Salaketa horrez gain, ikasleek ere karabineroen aurkako demanda bat aurkeztu zuten, azaroaren 2an, manifestazio batean adin txikiko neska bat larriki zauritzeagatik.

Gainera, atxilotuak izan diren emakumeak biluztera behartuak, umiliatuak eta jazarriak izan direla ere salatu dute.

Txileko unibertsitateko zein bigarren mailako ikasleak sei hilabete daramate mobilizatzen hezkuntza doako eta kalitatezko baten alde.

Errepresioak zauritu mordoa utzi ditu, baita hildako bat ere -16 urteko gazte bat- pasa den abuztuan ikasleen aurka buruturiko tiroketetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo