SOKATIRA Laukoa
Finalean sartzeko azken aukera izango da
J.L.
Euskal Herriko Lauko Goma Gaineko Txapelketan bigarren jardunaldia jokatuko da gaur, 17.00etatik aurrera, Ezpeletan. Merkatu plazako kirol gelan jokatuko da, eta 320 kiloko bi multzoak arituko dira lanean jo eta su.
A multzoan, Abadiño A, Sokarri A, Urruña, Ñapurrak eta Ibarra lehiatuko dira. Lehen jardunaldian, Abadiño izan zen jaun eta jabe tiraldi guztiak irabaziz, eta atzetik Sokarri eta Urruña sailkatu ziren. Gaurko saioaren ostean, lehen hiru onenen artean sailkatzeak garrantzi handia izango du, horrek datorren asteburuko finalean aritzeko txartela emango baitie.
B multzoan, berriz, Sokarri B, Ibarra B, Abadiño B, Abadiño C, Sokarri C eta Kuartango Urkabustaiz lehiatuko dira. Lehen jardunaldian Sokarri B taldeak erabateko nagusitasuna erakutsi zuen tiraldi guztiak irabaziz, eta berriro ere faborito agertzen da. Beste multzoan bezalaxe, hemen ere garrantzi handia izango du lehen hiruren artean amaitzeak, finalean izan nahi baldin bada, behintzat.
Nafarroan, berriz, Goma Gaineko Zortzinako Txapelketa jarriko da abian Arbizun. 17.00etatik aurrera jokatuko da lehenengo ekinaldia. Bertan, 640 kilokoan neurtuko dira gizonezkoak, eta mistoan, berriz, 420 kilokoan. Azken hau lehen aldiz jokatuko da, eta zortzikoa izan beharrean seikoa izango da, talde bakoitzean hiru neska eta hiru mutil arituko dira. Bertan, Berriozar, Basaburua-Imotz eta Amaiur nertuko dira. 640koan, Berriozar, Txantrea, Basaburua-Imotz eta Amaiur neurtuko dira.
Aldatzen bihar, 12.30ean, Nafarroako Bigarren Mailako trontzalarien finala jokatuko da. Aizkorbe-Goldarazena, Kañamares-Eugi, Gallardon-Danboriena eta Oteiza-Berruzeo neurtuko dira. Gainera, aizkolari gazteen torneoa ere jokatuko da. Zabaleta, Vicente II.a eta Etxeberria II.a arituko dira. Aizkolari bakoitzak proba ezberdinak egin beharko ditu.