GARA > Idatzia > Euskal Herria

Brisson Pirinio Atlantikoetako UMPko idazkaria izatea nahi dute Parisen

p016_f03.jpg

GARA | BAIONA

Max Brisson Biarrizko zinegotzi eta kontseilari orokorra proposatu du Jean-François Copek, UMP alderdiko idazkari nagusiak, Pirinio Atlantikoetako departamenduan alderdiko idazkari izateko.

Postua bete gabe dago duela urte eta erditik, zehazki aurreko departamendu idazkariak -Jean Gougy- 2010eko maiatzean ardura utzi zuenetik. Departamenduko presidente Michele Alliot-Mariek esandakoari jarraituz, Pariseko alderdiko buruek Bernard Layrie proposatu zuten hasieran. Baina ezustekoa izan zen, eta alderdiaren oinarrizko afiliatuek uko egin zioten Layrieren hautagaitzari, Alliot-Mariek zuzentzen duen Chene korronteko kidea zelako.

Ordutik hona, behin-behineko koordinazio ardura Daniel Poulouren eskuetan izan da. Poulou ere Alliot-Marieren ingurukoa da, baina Senaturako hauteskundeen ostean dimititu egin zuen, UMPk ez zuelako eserlekurik lortu.

Orain, Coperen proposamena berretsi behar du UMPren Pirinio Atlantikoetako egiturak. Erabakia datozen egunotan hartzea espero da.

Ohiturak dioenez, Gobernua sostengatzen duen alderdiak goi karguak izendatzean lurraldetasuna kontuan hartzen du. Alderdiaren departamendu presidentea euskalduna bazen, idazkaria bearnotarra, eta alderantziz.

Alderdikideek Brisson onartzen badute, ordea, dinamika eten egingo dute. Biarrizko zinegotziak Lapurdiko hiriko alkate izateko hautagaitza aurkeztuko duela iragarri du, alderdiaren barnean giro korapilatsu bati aurre egin beharko badio ere.

Senatuan ordezkaritzarik gabe gelditu ondoren, tirabirak nagusi dira UPMren barnean eta Chene korronteko kideen jarduerak ez ditu bazterrak baretu. Kontseilu Orokorreko presidente ohi Jean Casteingnsek kargua utzi zuen hauteskundeen ostean. Brisson idazkari aukeratzen badute, giroa konpontzea egokituko zaio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo